Trigoi taldeko Jon Erguin beasaindarrak irabazi du Euskal Herriko lehen mendi duatloi zirkuitua. Guztira, zortzi probek osatu dute zirkuitua, eta Erguinek seitan parte hartu du, bost irabaziz. Azken proba Langraizen (Araba) jokatu dute asteburu honetan, eta zulatu baten ondorioz, hirugarren postuarekin konformatu behar izan du. Emakumezkoetan Amaia Luquinek irabazi du, eta beteranoen mailan Luis Mari Urizar villabonarrak. Neguko triatloi denboraldia prestatzeko entrenamendu gisa hasi zen Erguin Euskal Herriko txapelketan parte hartzen. Baina lasterketak irabazten hasi zenean, garaipena lortu zezakeela ikus zuen, eta txapelaren bila hasi zen. Bazekien ez zela erraza izango, bi probetan huts egiteaz gain, «maila handiko kirolariek parte hartu dutelako zirkuituan». Azkenean garaipena lortu du eta oso pozik dago. Bizikleta gainean egindako lanari esker lortu du batez ere garaipena Erguinek: «Korrika atzetik ibili naiz, batez ere bigarren itzulietan, baina bizikletan askoz hobeto moldatzen naiz eta hor lortutako denborari esker irabazi ditut probak». Hemendik aurrera, urtarrilean hasiko den neguko triatloi txapelkea prestatzea du helburu. «Etxetik gertu lau proba ditut, eta haien ondoren Europako eta Munduko txapelketan parte hartu nahi dut». Martxoan izango dira bi probak. Urizar, punta-puntan Luis Mari Urizar Trigoi taldeko partaidea da, eta txapelketa osoan punta-puntan ibili da. Azken probetan lehian aritu dira bera eta Erguin taldekidea, [...]
Luquin, Erguin eta Urizar
Trigoi taldeko Jon Erguin beasaindarrak irabazi du Euskal Herriko lehen mendi duatloi zirkuitua. Guztira, zortzi probek osatu dute zirkuitua, eta Erguinek seitan parte hartu du, bost irabaziz. Azken proba Langraizen (Araba) jokatu dute asteburu honetan, eta zulatu baten ondorioz, hirugarren postuarekin konformatu behar izan du. Emakumezkoetan Amaia Luquinek irabazi du, eta beteranoen mailan Luis Mari Urizar villabonarrak.
Neguko triatloi denboraldia prestatzeko entrenamendu gisa hasi zen Erguin Euskal Herriko txapelketan parte hartzen. Baina lasterketak irabazten hasi zenean, garaipena lortu zezakeela ikus zuen, eta txapelaren bila hasi zen. Bazekien ez zela erraza izango, bi probetan huts egiteaz gain, «maila handiko kirolariek parte hartu dutelako zirkuituan». Azkenean garaipena lortu du eta oso pozik dago.
Bizikleta gainean egindako lanari esker lortu du batez ere garaipena Erguinek: «Korrika atzetik ibili naiz, batez ere bigarren itzulietan, baina bizikletan askoz hobeto moldatzen naiz eta hor lortutako denborari esker irabazi ditut probak».
Hemendik aurrera, urtarrilean hasiko den neguko triatloi txapelkea prestatzea du helburu. «Etxetik gertu lau proba ditut, eta haien ondoren Europako eta Munduko txapelketan parte hartu nahi dut». Martxoan izango dira bi probak.
Urizar, punta-puntan
Luis Mari Urizar Trigoi taldeko partaidea da, eta txapelketa osoan punta-puntan ibili da. Azken probetan lehian aritu dira bera eta Erguin taldekidea, baina astburu honetan ez du zorterik izan eta sailkapen orokorreko hirugarren postuarekin konformatu behar izan du: «Zirkuituko lehen itzulian galdu egin nintzen, bidegurutze batean nahastuta, eta probatik kanpo geratu nintzen, punturik lortu gabe». Azken proba izanda, gainera, puntu bikoitzak banatu dituzte asteburuan.
Urizarrek zirkuituko zortzi probetan parte hartu du, eta igandeko arantzatxoa hor geratu bazaio ere, gustura dago lortutakoarekin. Orain arte errepidean lehiatu da villabonarra, baina iaz mendiko duatloia probatu zuen, eta ordutik halako probetan parte hartzen du. «Adinean aurrera» doala ere esan du, eta horrenbeste parte hartzaileren artean hirugarren egitea «asko» dela esan du.
Parte hartzaileen maila altua
Bai Erguinek eta baita Urizarrek ere zirkuituan parte hartu duten kirolarien maila altua nabarmendu dute. Parte hartzaile asko gainera, federatugabeak izan dira, «proba hauek gustuko dituztenak eta parte hartzera animatu direnak». Horrek lehiaketari eta mendiko duatloiei beste maila bat ematen diela gaineratu dute. Urizarren ustez, mendia oso gustuko duen jende asko dago, eta zirkuitu honi esker lehiatzera animatu dira.
Langraizko proban parte hartu duten Trigoiko kideak
Trigoi taldeko kideen kasua izan da hori. Proba guztietan parte hartu dute Trigoikoek, eta igandean, adibidez, hamar kide joan ziren Langraizera. Talde beasaindarreko hiru kidek Finisher saria ere jaso dute, zortzi lasterketak amaitzegatik: Goio Mujikak, Xabier Saralegik eta Aitor Mujikak. Parte hartzaile guztien artetik, seik bakarrik jaso dute sari hori.
Proba aldetik «oso ona»
Erguinek proba guztietan egon den antolakuntza ona azpimarratu du, eta zirkuituak mendi duatloien mundura egin duen ekarpena nabarmendu du: «Orain arte txirrindulariak izan diren askok modalitate hau ezagutzeko aukera izan dute, eta kirola egiten eta lehiatzen jarraitzeko beste bide bat dute orain». Urizarren ustez ere positiboa izan da lehiaketa hau antolatzea: «Orain arte proba independenteak egiten ziren, baina elkarlanean txapelketa on bat antolatzea lortu dute».
Proba guztietako argazkiak, sailkapen guztiak eta hainbat bideo
www.mendiduatloia.com helbidean ikusi daitezke.