Hiltzaile isilaren mehatxuak
Amiantoaren balizko kutsadura saihestea, gaixotutako zein hildako guztiei dagozkien eskubideak bermatu eta aitortzea, eta hainbat hamarkadatan amiantoarekin gertatukoa ez errepikatzea. Hiru ildo horiexek dira «etsai isilaren» aurka egiteko gakoak, LAB sindikatuko osasun alorreko Gipuzkoako arduradun Iker Espolosinen arabera. Ordiziako jubilatuen zentroan Amiantoaren eragina Goierrin goiburua zuen hitzaldia egin zuen herenegun Espolosinek, CAFeko enpresa batzordeko Imanol Urrestarazu eta Jon Garcia lagun zituela. Garcia amiantoaren biktimak biltzen dituen Asviamie elkarteko kide ere bada, eta entzuleen artean ere bazeuden mineral horrek kutsatuta hildako zenbait langileren senideak ere. Goierri eskualde «oso industrializatua» da, eta horren ondorioz, amiantoaren arazoa «tamainakoa» da, LABeko kidearen arabera. Amiantoak 3.600 baino erabilpen gehiago izan ditu, eta horietako gehienak «eraikuntzaren sektorean eta industrian» izan dira. «Isolamendurako, frikziorako, balaztetan, enbrageetan, makinaria eta ibilgailuetan, labeetan, iturgintza hodietan… erabili izan da amiantoa, eta beraz, pentsa dezakegu, Goierrin asko erabili izan dela amiantoa». Hala ere, Espolosinek zehaztu du Goierri ez dela salbuespena, eta antzeko egoera dagoela Gipuzkoako beste eskualdeetan ere, industria asko duen herrialdea delako. CAFeko borroka eredu Iazko urrian CAFeko enpresa batzordeak eta Asviamie elkarteak Amiantoarenei eskulturaren aurrean egindako ekitaldi batean gaitz horren ondorioz hildako lankideak omendu zituzten, eta datu bat ere eman zuten: Beasainen, ofizialki, 18 langile direla amiantoaren eraginez hildakoak. «Goierrin [...]

CAFeko prebentzio delegatuak eta Asviamie elkarteko kideak, 'Amiantoarenei' eskultuaren aurrean, iazko urrian.
Amiantoaren balizko kutsadura saihestea, gaixotutako zein hildako guztiei dagozkien eskubideak bermatu eta aitortzea, eta hainbat hamarkadatan amiantoarekin gertatukoa ez errepikatzea. Hiru ildo horiexek dira «etsai isilaren» aurka egiteko gakoak, LAB sindikatuko osasun alorreko Gipuzkoako arduradun Iker Espolosinen arabera. Ordiziako jubilatuen zentroan Amiantoaren eragina Goierrin goiburua zuen hitzaldia egin zuen herenegun Espolosinek, CAFeko enpresa batzordeko Imanol Urrestarazu eta Jon Garcia lagun zituela. Garcia amiantoaren biktimak biltzen dituen Asviamie elkarteko kide ere bada, eta entzuleen artean ere bazeuden mineral horrek kutsatuta hildako zenbait langileren senideak ere.
Goierri eskualde «oso industrializatua» da, eta horren ondorioz, amiantoaren arazoa «tamainakoa» da, LABeko kidearen arabera. Amiantoak 3.600 baino erabilpen gehiago izan ditu, eta horietako gehienak «eraikuntzaren sektorean eta industrian» izan dira. «Isolamendurako, frikziorako, balaztetan, enbrageetan, makinaria eta ibilgailuetan, labeetan, iturgintza hodietan… erabili izan da amiantoa, eta beraz, pentsa dezakegu, Goierrin asko erabili izan dela amiantoa». Hala ere, Espolosinek zehaztu du Goierri ez dela salbuespena, eta antzeko egoera dagoela Gipuzkoako beste eskualdeetan ere, industria asko duen herrialdea delako.
CAFeko borroka eredu
Iazko urrian CAFeko enpresa batzordeak eta Asviamie elkarteak Amiantoarenei eskulturaren aurrean egindako ekitaldi batean gaitz horren ondorioz hildako lankideak omendu zituzten, eta datu bat ere eman zuten: Beasainen, ofizialki, 18 langile direla amiantoaren eraginez hildakoak. «Goierrin CAF ikonoa dela esan dezakegu, delegatuek urteetan egindako borrokari esker amiantoaren gaia gizarteratu dutelako, baina CAFekoa ez da kasu bakarra, ezta gutxiago ere». CAFen, esaterako, amianto zer lanpostutan erabili izan den identifikatuta daukate, eta baita zer langile egon ziren mineral horrekin kontaktoan.
Lan hori gizarteratzeko garaian, delegatuek «ikerketa eta tesi zientifikoa» egin behar izan dute, nahiz eta hori ez izan haien zeregina. «Lehenengo traba enpresak jarri ohi du, sistematikoki ukatu izan baitute amiantoaren existentzia. Baina arazoa ez da hor bukatzen, administrazioak berak, Osalanek eta lan ikuskaritzak kasu, ezikusiarena egiten dutelako».
Biktimen babesik eza
Hori ez ezik, mutuek ere «gaixotasunaren jatorri laborala» ukatzen dute, eta gizarte segurantzara jotzerakoan langileek «ibilbide oso neketsua» izaten dute. «Ibilbide hori epaitegietan bukatzen da, eta kasu askotan, gaixotatutako pertsonak, zoritxarrez, bidean gelditzen dira, epaitegiaren azken epaia ezagutu gabe».
Biktimen egoera «eskandalagarria» da, Espolosinen iritziz. Aurrez aipatutako «traba» horiez guztiez gain, Osakidetzak berak «jarraipen zehatza» egin beharko lieke eriei, baina hori ez da gertatzen, «behin eta berriz salatu izan dugunez». Egoera hori bideratu ahal izateko, amiantoarekin zerikusia duten patologiak antzemateko programa jartzea proposatu dute, gaixotasun profesional bezala aitortua izatea epaitegietara jo beharrik izan gabe, amiantoa erabili duten enpresen erregistroa egitea, biktimei laguntzeko diru funtsa osatzea, prebentzioa eta babesa handitzea, eta amiantoarekin kontaktuan egon diren langileen aurrejubilazioa eta gaixo dauden langileen babes soziala ekonomikoki babestea. «Neurri horiek guztiak martxan jarriz gero, urrats handia egingo litzateke babes gabezia horrekin bukatu, eta baita etorkizunean sor daitezkeen lan gaixotasunek eragin ditzaketen gabeziak estaltzeko».
Arazoa, manipulazioan
Espainian 2004an galarazi zuten amiantoaren erabilpena, baina harrezkero ez da apenas neurririk hartu haren ondorioak saihesteko. Hori dela eta, gaur egun arrisku taldean dauden langileak igeltseritza eta iturgintza lanetan aritzen direnak dira, besteak beste, baldin eta ez badituzte amianto hautsa ez arnastzeko neurriak hartzen. Aurrera begira har daitekeen prebentzio neurri eraginkorretenetako bat amiantoaren mapa osatzea litzateke.