Almitzak goi mailako kirol erakustaldia antolatu du Zaldibian hilaren 14rako
Urteko ekimenetarako diru ekarpenak biltzeko asmoarekin, Almitza sega elkarteak kirol jaialdia antolatu du aurten ere. Ohitura duen bezala, Zaldibian bertan izango da erakustaldia, urtarrilaren 14an, larunbatarekin. Arratsaldeko zazpietan hasiko da jai...
Urteko ekimenetarako diru ekarpenak biltzeko asmoarekin, Almitza sega elkarteak kirol jaialdia antolatu du aurten ere. Ohitura duen bezala, Zaldibian bertan izango da erakustaldia, urtarrilaren 14an, larunbatarekin. Arratsaldeko zazpietan hasiko da jaialdia, Resti pilotalekuan. Berogailua ere jarriko dute antolatzaileek, obretan erabiltzen diren kanoi motakoak. Sarrera, iaz bezala, 10 euroan jartzeko asmoa dute.
Kirolari profesionalak gonbidatu dituzte, beste behin, ikuskizunerako. Pilotak eta aizkorak osatuko dute saioa. Aurreneko partida pilotakoa izango da. Mikel Goñi mugairiarrak eta Aratz Mendizabal zaldibiarrak buruz buru jokatuko dute, lau koadro t’erdiren barruan.
Jarraian, Euskal Herriko bi txapeldun elkarren aurka ikusteko modua izango da. Floren Nazabal nafarrak eta gaur egungo txapeldun Iñaki Azurmendi arriarandarrak kanako enbor bana ebakiko dute, nork azkarrago.
Segalaritzaz dokumentala
Jaialdia irekitzeko, hala ere, ikus-entzunezko bat jarriko dute lehenik. Zinema-ekoiztetxe bat segalaritzari buruzko dokumentala prestatzen aritu da, iaz Eslovenian jokatu zen Europako sega txapelketaren haritik hasita. Estreinaldia Zaldibian egingo dute.
Batetik, segalaritzako irudi zaharrak bildu dituzte, Caro Barojaren grabazioetako pasarteak, edo Agirre Franco argazkilariaren bildumako erretratuak. Segalari euskaldunak eta esloveniarrak elkarrizketatu dituzte, bestetik. Ordu erdiko iraupena du.
Gauean, Zubi Buru elkartean, bertso afaria izango dute, Julio Soto eta beste bertsolari batekin.













