Gazte Piku: “Eskerrik asko, Legorreta” (gutuna)
Elkartasun eguna. Ez du beste izenik joan den abenduaren 17an herrian igaro genuen egunak. Elkartasun eguna, dudarik gabe. Goizean goiz, ez zirudien egunak askorik lagunduko zigunik. Euria gogotik, eguzkiaren arrastorik ez eta aurpegi urduriak gaztetxean. Hainbeste lan egin eta gero, dena pikutara bidali behar ote genuen? Bada, ez. Hamaiketako kanpaiekin bat gaztetxetik plazara abiatu ginen, ausart. Eta han, herriko plazan jaso genuen lehen elkartasun keinua. Herritarrak han ziren, aterkipean zein bestelako aterpeetan, eguraldi petralari aurpegi onena jarririk lipdubari ekiteko asmoz. Eta ekin genion, gogotsu. Eta atertzeko esperantzak galduak genituela, hodeiek atseden hartu zuten. Ordu laurden eskaseko atsedena; baina nahikoa gure helburua betetzeko. Ordu batzuk lehenago hain zaila ikusten genuen lipdub hura primeran atera zen! «Zailena egina dago!», zioten gutako batek baino gehiagok. Baina ez. Egunak oraindik bazuen beste ezustekorik guretzat. Bazkariko ordua iritsi bezain pronto argirik gabe geratu ez ginen ba! Eta urduritasuna azaldu zen berriro ere… Baina zailtasunen gainetik, elkartasuna nagusitu zen berriro ere. Izan ere, herritar ugari joan zen Bilkoin elkartera edozertan laguntzeko prest. Gas-bonbonak eta bestelakoak lortu, eta argia herrira bueltatzerako, prest zegoen bazkaria. Eta ez nolanahiko bazkaria gainera! Giro bikainean eta konpainia ezin hobean igaro zen otordua. Eta kafea eta kopa hartu bezain pronto, frontoira joateko [...]
Elkartasun eguna. Ez du beste izenik joan den abenduaren 17an herrian igaro genuen egunak. Elkartasun eguna, dudarik gabe.
Goizean goiz, ez zirudien egunak askorik lagunduko zigunik. Euria gogotik, eguzkiaren arrastorik ez eta aurpegi urduriak gaztetxean. Hainbeste lan egin eta gero, dena pikutara bidali behar ote genuen? Bada, ez.
Hamaiketako kanpaiekin bat gaztetxetik plazara abiatu ginen, ausart. Eta han, herriko plazan jaso genuen lehen elkartasun keinua. Herritarrak han ziren, aterkipean zein bestelako aterpeetan, eguraldi petralari aurpegi onena jarririk lipdubari ekiteko asmoz. Eta ekin genion, gogotsu.
Eta atertzeko esperantzak galduak genituela, hodeiek atseden hartu zuten. Ordu laurden eskaseko atsedena; baina nahikoa gure helburua betetzeko. Ordu batzuk lehenago hain zaila ikusten genuen lipdub hura primeran atera zen!
«Zailena egina dago!», zioten gutako batek baino gehiagok. Baina ez. Egunak oraindik bazuen beste ezustekorik guretzat. Bazkariko ordua iritsi bezain pronto argirik gabe geratu ez ginen ba! Eta urduritasuna azaldu zen berriro ere…
Baina zailtasunen gainetik, elkartasuna nagusitu zen berriro ere. Izan ere, herritar ugari joan zen Bilkoin elkartera edozertan laguntzeko prest. Gas-bonbonak eta bestelakoak lortu, eta argia herrira bueltatzerako, prest zegoen bazkaria. Eta ez nolanahiko bazkaria gainera!
Giro bikainean eta konpainia ezin hobean igaro zen otordua. Eta kafea eta kopa hartu bezain pronto, frontoira joateko ordua iritsi zen, han baikenuen hurrengo zita. Han ere izan genuen sustoren bat edo beste argindarrarekin, baina pilota partida jokatu zuten. Frontoia jendez lepo zegoela jokatu zuten gainera Artolak eta Txirritxik Mikel Goñiren aurka. Polita benetan!
Eta, gauean, eguna ondo amaitzeko, kontzertuak gaztetxean; aterpean eta argindarrarekin. Ondotxo gozatu zuen bertan izan zenak, eta are gehiago oholtzara igotzeko ausardia eduki zuenak… Ezin hobeto!
Laburbilduz, elkartasunez beterik joan zen elkartasun eguna. Eta gure artean diogu: arazoak direnean horrela egiten badira gauzak herri honetan, nola egingo dira eguzkiak eta argindarrak laguntzen dutenean?
Beraz, gure eskerrik beroena zuetako bakoitzari; lipdubean kantari atera zenari, eta jendartean ezkutatuta egon zen hari; pasta egosi zuenari eta kafearekin bat kantari aritu zenari; pilotari bakoitzari eta apustua egin zuen orori; kontzertuan gitarra jo zuenari eta ezustean mikroa hartu zuenari; funtsean, herriari.
Eskerrik asko, Legorreta!
Gazte Piku asanblada.