Mikel Serrano Zumarragako alkateak Legazpirekin zuten kirol-hitzarmena berreskuratzea eskatu du
Mikel Serrano Zumarragako alkateak agerraldi publikoa egin du gaur. Legazpiko udaleko kirol patronatuak kirol-instalazioen inguruan, bi herriek zuten hitzarmena etentzat eman eta gero, «hori gerta ez zedin egin ditugun ahalegin guztien berri emateko». Alkateak, Legazpirekin egindako bilera guztien berri eman eta gero, 1998. urtetik indarrean egon den akordioari «eusteko» deialdia egin dio Legazpiko udal gobernuari. «Tamalgarritzat» jo du akordioa bertan behera utzi izana.
Zumarragako eta Legazpiko udalek 1998. urtetik hitzarmen bat zuten kirol azpiegituren gainean. Erabiltzaileek herri bakoitzeko kiroldegiko txartela izanda, bi azpiegiturak erabil zitzaketen.
Hitzarmena bertan behera uzteko erabakia aurreko legealdian hartu zuten orduko ordezkari politikoek. Eta horrela jakinarazi zioten Zumarragako udalari. Gipuzkoa mailako kirol txartela aurtengo urtarrilaren 1erako indarrean ez bazegoen, egun horretan bertan etentzat emango zuten hitzarmena.
Txartela Zumarragan egin eta Legazpiko kiroldegia erabiltzen dutenek, diru hori Zumarragan uztea da Legazpiko udalak emandako arrazoietako bat, bestea masifikazioa. «Ez digute zehaztu zenbat erabiltzaileetaz ari garen. Beharbada 50 edo 60?», galdetu zuen alkateak. «Txartela han eginda utziko zuten diruarekin Legazpiko instalazioak hobetu ditzazketela diote. 6.000 euro ingururekin? Maila horretako lanetarako kopuru hori oso txikia da». Masifikazioa ere, horrela ez dutela konponduko gehitu zuen Serranok.
Bestalde, hitzarmenari jarraiki, azterketa medikuak Zumarragan egin izan dituzte kirolari legazpiarrek. «%50eko deskontuarekin. 222 kirolari izan ziren iaz, beraz ez ditugu jaso horrek utziko zizkiguken 7.000 euroak», ekarri zuen Mikel Serranok.
Legazpiko ordezkariekin egindako bileren berri eman zuen Zumarragako alkateak. Azkena abenduaren 27an izan zen. Serranok bi hilabeteko epea eskatu zion Kepa Urtzelai alkateari, «hitzarmena hobetu daitekeen aztertzeko», eta adostasun batera iritsi zirela esan zuen atzo Serranok.
Hurrengo egunean, Zumaragako alkatearen arabera, Legazpiko alkateak hitzarmena etengo zutela berretsi zion. Horren aurrean, «koherentziarako eta zentzutasunerako deia egin nahi dugu, lankidetzaren aldekoak gara» adierazi zuen. «Epe motzean Urretxu hartuko duen beste hitzarmen bat egiteko prest daudela diote, baina zertarako hau badugu?», galdetu zuen amaitzeko Zumarragako alkateak.