Goiekin aldaketak iragarri ditu Igor Eguren lehendakari berriak
Goierri beheko 18 herri biltzen dituen Goieki garapen agentziak batzarra egin zuen atzo. Behin administrazio kontseilua osatuta, lehendakaria hautatu zuten ekitaldian. Hala, Igor Eguren Ordiziako alkateak hartuko du Goiekiren gidaritza.
Ekitaldi berean, lehendakari ordea eta idazkaria ere izendatzekoak ziren. Aurrenekoaren kasuan ordea, izendapen hori hamabost egun barru egingo den batzarrera arte atzeratzea erabaki zuten. Igor Egurenek azaldu zuenez, «gure asmoa Goiekik ahalik eta esparru zabalena hartzea da, eta administrazio kontseilu hau bera nola birmoldatu aztertzen ari gara, kide gehiagoz osatzeko, hitzarekin eta botoarekin». Egurenen ustez, «mahai honetan ez dago ordezkatuta Goierriri dagokion ordezkaritza».
Osaketa berrian, herri txikiei ere garrantzia eman nahi diete Hori dela eta, Goiekiko idazkari Iñaki Ugalde Mutiloako alkatea izendatu dute. Erabaki hori ordea, behin behinekoa da, Goiekiren estatutuen arabera, derrigorrezkoa delako idazkaria izatea.














