Berritua, bakarra, bateratua
Berritua. Bakarra. Bateratua. Bihar zortzi, otsailaren 3an, ikusiko du argia lehen aldiz GoiBerri astekariak, Goierritarra eta Otamotz aldizkarien baturatik sortu den komunikazio proiektu berriak. Orain arte Goierritarrak hamabostean behin, eta Otamotzek hilean behin harpidedunei egin izan dien euskarazko kazetaritza eskaintza bateratu egin da, eta maiztasuna handitu. Otsailaren 3tik aurrera ostiralero-ostiralero kaleratuko da GoiBerri. Bateratzeko prozesu sakon horretan Goierriko Hitza egunkariaren lan-taldea izan dute bidelagun.
Maiztasuna handitu ez ezik, Goierri euskalde osoan zabalduko den euskarazko aldizkari bakarra izatera ere pasako da GoiBerri; izan ere, Goierriko 22 herrietan astekari bakar eta berritua jasoko dute harpidedunek otsailaren 3tik aurrera. Orain arte, Goierritarra aldizkaria Goierri beheko 18 herrietan zabaldu izan da, eta Otamotz Urretxun eta Zumarragan soilik. Egitasmo berriaren sorrerarekin Legazpik aldizkari aldetik izan duen hutsunea bete egingo da.
Eduki eta itxura berritzailea
Bi aldizkarien bat egitea ez da gauetik goizera egindako zerbait. Duela urtebete Otamotz aldizkariak Goierriko Hedabideak enpresan sartzea erabaki zuen, eta hausnarketa aldi bati hasiera eman zitzaion. Irakurle, kazetari eta iragarleen iritziak ere bildu ziren, eta handik ateratako ondorio nagusiena izan zen eskualde osoa bateratuko zuen aldizkari bat izatea, eduki eta itxura aldetik berritzailea izango zena.
Bide horretan, eta maiztasuna asterokora pasatuta, aldizkariak izango duen itxura ezberdina izango da erabat, eta baita gaiak lantzeko modua ere. GoiBerri aldizkari berriak Goierritarrak eta Otamotzek zituzten zenbait atal mantendu egingo ditu, baina beste batzuk berriak izango dira. Gazteei begirako atal finko bat izango du, historia eta ibilbideak txandatuko dituen atal bat ere landuko du, eta baita Goierrin bizi diren atzerritarren eta atzerrian bizi diren goierritarren istorioak jasoko dituena ere, besteak beste. Iritziko atalak ere garrantzi handia izango du astekari berrian, eta eskualdean ezagunak diren herritar sorta batek kolaborazioak egingo ditu. Horrez gain, asteko gai nagusia eta elkarrizketa nagusia ere izango ditu.
Gaurkotasunari lotuagoa
Aldizkari berriak Goierri ulertzeko beste ikuspuntu bat eskaini nahi die irakurleei, ikuspuntu berri bat. Eta edukiak lantzeko garaian, gaurkotasuna izango da GoiBerri astekariaren ikur nagusietako bat, Goierriko Hitzak asteartetik ostiralera eskaini dezakeen informazioaren osagarri. Begiratu berria izango du, berritua, bakarra, bateratua.
• Amonatxo bat «ikuspuntu berri bat» aldarrikatzeko
• Bi abiapuntu, norabide bakarra