Goiztiri AEK euskaltegiak 25 urte bete ditu
Goiztiri AEKren blogean lor daiteke urteurrenari buruzko informazio gehiago.
Goierri beheko Goiztiri AEK euskaltegiak 25 urte beteko ikasturte honetan, eta urteurren hori ospatzeko hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu otsailetik ekainera bitartean. Horrez gain, urteurreneko logoa eta abestia ere sortu dituzte. Ordiziako D’elikatuz gunean egin zuten atzo iluntzean urteurrenaren aurkezpena AEK-ko irakasle eta ikasle multzo handi batek.
Karmele Santoyo zuzendaritzako kideak gogoan izan zituen 25 urte hauetan “sokari tiraka” ibili diren guztiak, eta 25. urteurren honetan AEK-k opari handi bat jaso duela aipatu zuen. Izan ere, ekainetik aurrera egoitza berria izango du AEK-k Ordizian. Beñat Garmendia obraren zuzendaritza eramaten ari den AEKren irakaslearen esanetan, 150 metro koadro pasa izango ditu egoitza berriak. “Hiru ikasgela, irakasle gela bat, tutoretza gela bat eta ekitaldiak egiteko beste areto bat izango ditu egoitza berriak”. Lukusain plazan egongo da euskaltegi berria, Zuberoa eta Behe Nafarroa kaleen artean.
Kultur ekitaldiak
Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Goiztiri AEK euskaltegiak. Maria Luisa Gorrotxategi irakasleak eman zuen haien berri. Otsailean talo ikastaroa egingo dute Beasainen; martxoan Erregea eta bufoia ikuskizuna Seguran; apirilean Napoka Iria taldearen kontzertua Beasainen; eta maiatzean bi ekitaldi egingo dituzte: hitz tailerra Beasainen eta Bakarrizketa bat Legorretan. Ekainean, Ordiziako egoitza berria estreinatzearekin bat, urteurreneko afaria egingo dute.
Logoa eta abestia
Urteurrena irudikatzeko logotipo lehiaketa ere antolatu zuen AEK euskaltegiak. Nekane Munduate lehiaketaren arduradunak zehaztu zuenez, lau lan aurkeztu dira lehiaketara, eta irabazlea Aramaioko Mikel Ruiz de Azua izan da. Ataungo Urbitarte sagardotegian bost lagunentzako afaria jaso du saritzat. Eta abesti bat ere sortu dute. Hernaniko Black Jiko taldeak egin du abestia.