Hotzari aurre eginez ‘axariak’ festarako prest
Gaur hasi eta igandera arteko urteko festa egun nagusiak ospatuko dituzte Idiazabalen. Idiazabaldarrak arratsaldean hasiko dira festa giroa berotzen, ostiralean zaindariaren eguna ospatu eta asteburuan festa lehertzeko asmoz. Gaur arratsaldean, herriko helduneak hasiko dira festa giroan Ordiziako abesbatzak eskainiko duen kantaldiarekin. Herriko dantza taldeak ere presentzia berezia izango du aurtengo Sanblasetan, taldearen historia argazkian biltzen duen erakusketa gaur iluntzean inaguratuko dute. Gaurko beroketa egunaren ondoren, festak ofizialki bihar, San Blas bezpera, hasiko dira. Txupinazoa 18:30etan botako dute eta pregoia irakurri ostean axariak festan erabat murgilduko dira. Ostiralean izango da zaindariaren eguna Idiazabalen. Eguna ohiko ekitaldiekin hasiko da; txistularien doinuekin eta meza nagusiarekin. 12:00etan herritarren arteko txirrindulari proba izango da. Urtean zehar bizikletan ibiltzen diren herritarrek beraien artean indarrak neurtzeko aukera izango dute herritan gora eta behera bueltaka ibiliz osatu beharko duten ibilbidean. Eguerdi aldean izango da sanblasetan jende gehien biltzen duen ekitaldietako bat, paella jana. Arretxe elkarteko kideek prestatuko dute aurten ere paella. Herriko plazan osagai guztiak bildu eta pertza handi batean sukaldatuko dute. San Blas egunean paela jateko ohiturak arrakasta handia izan ohi du Idiazabalen. Ahal duenak edo behar dunak lokuluxka egin ondoren, bi aukera izango dira. Pilota partiduak ikusi edo mozorrotu eta jolastea. Frontoian Irujo eta Baliorra Berasaluze [...]
Gaur hasi eta igandera arteko urteko festa egun nagusiak ospatuko dituzte Idiazabalen. Idiazabaldarrak arratsaldean hasiko dira festa giroa berotzen, ostiralean zaindariaren eguna ospatu eta asteburuan festa lehertzeko asmoz.
Gaur arratsaldean, herriko helduneak hasiko dira festa giroan Ordiziako abesbatzak eskainiko duen kantaldiarekin. Herriko dantza taldeak ere presentzia berezia izango du aurtengo Sanblasetan, taldearen historia argazkian biltzen duen erakusketa gaur iluntzean inaguratuko dute.
Gaurko beroketa egunaren ondoren, festak ofizialki bihar, San Blas bezpera, hasiko dira. Txupinazoa 18:30etan botako dute eta pregoia irakurri ostean axariak festan erabat murgilduko dira.
Ostiralean izango da zaindariaren eguna Idiazabalen. Eguna ohiko ekitaldiekin hasiko da; txistularien doinuekin eta meza nagusiarekin.
12:00etan herritarren arteko txirrindulari proba izango da. Urtean zehar bizikletan ibiltzen diren herritarrek beraien artean indarrak neurtzeko aukera izango dute herritan gora eta behera bueltaka ibiliz osatu beharko duten ibilbidean.
Eguerdi aldean izango da sanblasetan jende gehien biltzen duen ekitaldietako bat, paella jana. Arretxe elkarteko kideek prestatuko dute aurten ere paella. Herriko plazan osagai guztiak bildu eta pertza handi batean sukaldatuko dute. San Blas egunean paela jateko ohiturak arrakasta handia izan ohi du Idiazabalen.
Ahal duenak edo behar dunak lokuluxka egin ondoren, bi aukera izango dira. Pilota partiduak ikusi edo mozorrotu eta jolastea.
Frontoian Irujo eta Baliorra Berasaluze eta Albisuren aurka arituko dira pilota jaialdiko estelarrean.
Mozorrotzeko aukera egiten duenak jolasetan eta karro lasterketan parte hartzeko aukera izango du. Ondoren, hotzari aurre egin nahirik trikipoteeoa egiteko aukera izango dute mozorrotuek. Festetan falta ezin den beste osagaia musika da. Ostiralean Drindots taldea izango da herriko plazan,iluntzean nahiz gauean. Hauek atseden hartzen duten bitartean helduen danborradako doinuak entzungo dira .
Asteburuan ere gau eta egunez hainbat ekintza izango dira Idiazabalen bilduko diren , haur, gazte eta helduentzat.
Eguraldi iragarpenek hotz egingo duela dioten arren, idazabaldarrek berotuko dute giroa hurrengo egunetan. Goierriko urteko lehen festak denen gozagarrai izatea espero dute Idiazabalen.
Herriaren eta musikaren zerbitzura
San Blas jaien barruan urtero egin ohi dute txistularien alardea, Idiazabalen. Aurtengoa ez da salbuespena izan, joan den larunbatean hainbat pieza entzuteko aukera izan baitzuten Zelaa kiroldegian bildutakoek. Ez zen, ordea, ohiko alardea izan. Izaera berezia hartu zuen, Naxario Telleria herriko txistularia omendu baitzuten txistuaren eta Idiazabalen alde egindako lanarengatik.
Naxario Telleria musikara dedikatu arren, lanbidez postaria izan da, Idiazabalen. Iaz jubilatu egin zen, eta gertaera hori aitzakia hartuta omenaldia egitea bururatu zitzaien herriko zenbait txistulariri eta txistulari ohiri. Xabier Urteaga eta Xabier Elortza txistularien hitzetan, «pentsatu genuen bazela garaia Naxariori egindako lana eskertzeko, eta horrelaxe ekin genion lanari». Uda bukaeran hasi ziren elkartzen, eta bilera horietan ideia ugari izan zituzten. «Bere gisako txistulariei beste herri batzuetan egindako ekitaldiak hartu genituen erreferentzia moduan. Horietan omenduak, besteak beste, zilarrezko domina jaso zuen Euskal Herriko Txistularien Elkartearen eskutik. Naxariok ere horrenbeste merezi zuela pentsatu genuen», dio Xabier Elortzak.
Zilarrezko domina
Euskal Herriko Txistularien Elkartearekin harremanetan jarri ziren, eta Telleriak herri mailan zein Idiazabaldik kanpora egindako lanaren berri eman zieten. Xabier Urteagak azaldu duenez, «behin hori eginda, beraiek erabakitzen dute lan horri saria eman behar zaion ala ez, eta baiezkoa erabaki zuten». Horrenbestez, Naxario Telleriak zilarrezko domina jaso zuen larunbatean Euskal Herriko Txistularien Elkartearen eskutik. Idiazabaldarrak bazekien domina hori jasoko zuela, baina dena den, hunkitu egin zen une hartan.
Parte ofizialaz gain, idiazabaldarrek beraien ukitua ere eman nahi izan zioten ekitaldiari. «Naxariok batez ere Idiazabali begira lan egin duenez, garbi geneukan idiazabaldarron partetik ere zerbait jaso behar zuela, eta horretan ahalegindu ginen», gehitu du Urteagak.
Ekitaldian, hainbat txistulari belaunaldi elkartu eta kalejira bat jo zuten.
Telleria ezustean harrapatu nahi zuten larunbatean, eta guzti hori antolatzeko sekretupean lan egin zuten. Jendeari ideiaren berri emateko zeregina ahal zen guztia atzeratu zuten. Azaroan hasi ziren lan horretan, abenduan entsegua egin asmoz. Guztira 30-35 lagun bildu ziren. Zaharrenak 60bat urte ditu, eta gazteenak 20bat. Batzuk jada ez dute txisturik jotzen, baina Elortzaren hitzetan harrituta geratu ziren entseguan «txistuak eman, pixka bat erakutsi eta segituan dominatu baitzuten».
Hainbat opari
Ekitaldian ere ederki jo zuten kalejira. Telleriak pozik begiratzen zien bere ikasleei zein ikasle ohiei, eta haiek guztiak biltzeko egindako ahalegina zinez eskertu zuen. Kalejira jotzeaz gain, txapela eta makila oparitu zioten irakasleari. Haren emaztearentzako lore sorta zuten prestatuta.
Idiazabalgo Udalak ere eskertu nahi izan zion herrian egindako lana, eta jaka bat oparitu zion. Ioritz Imaz Idiazabalgo alkatearen laguntzarekin jantzi zuen. Idiazabalgo koruaren eskutik ere jaso zituen opariak hainbat urtetan korua zuzentzen egindako lanarengatik.
Ekitaldiari bukaera eman aurretik, ohi bezala, Idiazabalgo martxa jo zuten alardeko kideek. Telleriak berak idatzitakoa da, eta soinean jaka, buruan txapela eta eskuetan makila zituela zuzendu zuen. Bat batean danbor doinuak entzun ahal izan ziren kiroldegian. Telleriak danborradan zuzentzen duen sukaldarien konpainiako kideak ziren. Aretoaren bi aldeetatik sartu, eta alardeko kideei gehitu zitzaizkien. Modu horretan omendu nahi izan zuten haiek ere, Telleria.