Zero Zabor taldeak uste du kontainer marroia «makillajea» erabiltzea dela
Zumarragan hondakin organikoak jasotzeko edukiontzi marroia jarri berri dute. Sasieta Mankomunitateak dagoeneko atarietako zerrendak jaso baditu ere, oraindik ez daukate kontainerreko giltza eduki nahi dutenen kopurua. Erabiltzaileek giltzaz irekiko dute edukiontzia eta bertara botako dute zabor organikoa. Zabor hori birziklatu egingo dute, konpost bihurtzeko. Urretxuko eta Zumarragako Zero Zabor taldeak, prentsa ohar bidez gaiaren gainean duen iritzia plazaratu du: «bosgarren edukiontziaren ezarpena zaborraren arazoaren aurrean makillajea erabiltzea besterik ez da».
Zero Zabor taldeko kideen arabera, «atzerapausoa da hondakinen erdia ere gaika biltzeko balio ez duen bilketa sistema ezartzeko planteamendua». Diotenez, Gipuzkoako hainbat herritan kontainer marroia jartzeko ahalegina «iruzurra» da. Edukiontzien sistemak zaborraren arazoari ez diola konponbiderik emango uste dute. «Zabaldu den eztabaidak bultzatuta gaiari heldu beharko genioke eta ez makillaje ariketak egin arazoa ezkutatu asmoz».
Urretxuko eta Zumarragako taldearentzat edukiontzi bidezko zabor bilketa ez da egokia. Birziklatzea martxan jarri zenetik, hainbat edukiontzi bereizi dituzte zaborrak banatzeko. «Gaur egun, ordea, hondakinen %80tik gorako gaikako bilketa lortzen duten sistemak badaude». Adibideak jarri dituzte Zero Zaborreko kideek, «oso urrutira joan gabe, Antzuola, kasurako».
Atez ateko sistema abiatu, eta Antzuolan %92ko birziklapen mailara iritsi ziren sei hilabetetan. Zero Zabor taldeak emandako datu horiek oinarri, ondoko galdera egin dute: «benetan hondakinen %80 bereizi nahi al dugu? Prest al gaude birziklapen maila onak lortzeko?».
Goierrin, Sasieta Mankomunitateak hamar herritan jarri du kontainer marroia. Zumarraga hamaikagarrena izango da. Zero Zabor taldekoek onartu dute herritarren parte hartzea ona izan dela.
Hala eta guztiz ere, ondoko datuak eman dituzte: Lazkao, Idiazabal, Olaberria, Arama eta Itsasondoren artean 9.434 biztanle batzen dituzte. Herri horietan 2010eko abuztuan 13.880 kilo zabor organiko bildu zituzten. Oiartzunek 9.894 biztanle ditu. Atez ateko sistema erabiltzen dute zaborra kudeatzeko. Zero Zabor taldearen arabera, 2010eko hilabete berean 64.220 kilo bildu zituzten. «Azken batean, bosgarren edukiontzia erabiltzen duten herrietan birziklapen tasa puntu batzuetan igo da. Sistema batek derrigortu egiten du eta besteak norberaren birziklatzeko borondatea du oinarri».
Kontainerren arazoak
Edukiontzien sistemak arazoak sortzen dituela gehitu dute. Egungo birziklatze moduarekin jarraituz gero, kontainer berdea ez dela kaleetatik desagertuko diote. «Edukiontzi marroia herritar guztiek ez dute erabiliko. Gainontzekoek materia organikoa kontainer berdera botatzen jarraituko dute, birzikla daitezkeen hainbat hondakinekin batera ustelduko direlarik».
Atez ateko sistemaren alde egiten du Zero Zabor taldeak. «Gai guztiak birziklatzea derrigorrezkoa da, errefusa oso txikia da eta zero zabor helburura hurbiltzen da». Edukiontzien arazoak, taldearen ustez, honakoak dira: birziklatzea borondatezkoa da, errausteko planta aurreikusten du eta hauts kutsagarrientzat beste zabortegi bat beharko da. Nolanahi ere, «Urretxun eta Zumarragan, etorkizun laburrean, zaborrak edukiontzi bidez jasotzen jarraituko dugunez, bosgarren kontainerra erabiltzea animatzen ditugu herritarrak». Amaitzeko, udalei eta erakunde publikoei Zero Zabor esperientzia «aintzat» hartzea eskatu diete.














