
LAB sindikatuak lan erreforma kritikatu du. Orain arte izan den erreformarik “bortitzena” dela aipatu du, eta martxoaren 29ko grebarekin bat egiteko deia egin die Goierriko langile guztiei. Bestalde, bere ustez erreformak lan harremanetarako euskal esparrua eratzea eta eraikitzea “behar beharrezkoa” dela erakusten du. Horretarako, Euskal Herriak burujabetza ekonomikoa eta politikoa behar dituela azpimarratu du sindikatu abertzaleak.
Rajoiren eta PPren gobernuak patronalaren eta kapitalaren mesedetan egindako erreforma “inposatu” duela dio LABek. Sindikatu abertzalearen arabera, erreforma horren harira, hemendik aurrera langileen kaleratzea “merkeago” aterako zaie enpresarie. Kontratazioa “oraindik gehiago prekarizatu” dute, enpresarie soldatak jaisteko erraztasunak eman dizkiete eta negoziazio kolektiboa “erabat ahulduta” geratu da. “Lan eremuaz gain, eredu produktiboan ere ondorioak izango ditu. Mugikortasuna eta kualifikazio profesional eza bultzatzen dituen erreforma izanik, Euskal Herriko ehun industrialean ondorio larriak ekar ditzake”.
Guzti horri aurre egiteko eredu sozial “berri” bat behar dela esan du LABek. “Eta ez da langileok behar duguna izango, ez bada Euskal Herrian erabakitzen eta ez bada langileriaren benetako parte hartzearekin eraikitzen”. Horregatik, Euskal Herriak burujabetza ekonomikoa eta politikoa behar dituela azpimarratu du.