Langileen eskubideak defendatzeko kotxe karabanak, giza-katea eta ekitaldi politikoa egin ditu LABek gaur eguerdian
Langileen eskubideen defentsan hainbat mobilizazio egin ditu gaur eguerdian LAB sindikatuak, eta martxoaren 29ko greba orokorrean parte hartzeko esan die Goierriko langileei. Goizean Ataundik eta Ormaiztegitik abiatuta kotxe karabana egin dute, eta Legorretatik berriz oinez etorri dira hainbat lagun. Eguerdiko ordu batean Beasaingo plazan elkartu dira mobilizazio horietan parte hartu duten herritarrak zein beste hainbat lagun, eta ekitaldi politikoa egin dute. LAB sindikatuaren izenean Usua Lasak hartu du hitza, eta esan du 2008an krisia lehertu zenetik hainbat erreforma egin dituztela, eta horien ondorioz langileek “geroz eta eskubide gutxiago dituztela”. Dena den, Lasak azpimarratu du Rajoiren PPk egin duen erreforma aurrekoak baino “basatiagoa” dela. “Krisialdia ez da erreformaren arrazoia, aitzakia, baizik, eta erreforma honek patronalari boterea ematen dio”. Horren ondorioz LABen ustez, orain enpresariek lan egutegia, ordutegia eta lan antolaketa guztia aldatu ahal izango dute beraien kabuz, soldatak jaitsi ahal izango dituzte, eta kaleratzeak “inoiz baino merkeagoak” izango dira. Lasarentzat argi dago krisiaren beldurra erabili dutela lan harremanak desregularizatzeko eta “enpresariei nahi dutena egiten uzteko”. Patronalaz gain erantzule politikoak ere badaudela eman du jakitera Lasak: “PSOEren eskutik etorri ziren lehen lau erreforma handiak CCOO eta UGT sasi sindikatuak babestuta”. Horrez gain, gogoratu beharra dago LABen iritziz, EAj-k aurreko erreforma guztiak ahalbidetu [...]
Langileen eskubideen defentsan hainbat mobilizazio egin ditu gaur eguerdian LAB sindikatuak, eta martxoaren 29ko greba orokorrean parte hartzeko esan die Goierriko langileei. Goizean Ataundik eta Ormaiztegitik abiatuta kotxe karabana egin dute, eta Legorretatik berriz oinez etorri dira hainbat lagun. Eguerdiko ordu batean Beasaingo plazan elkartu dira mobilizazio horietan parte hartu duten herritarrak zein beste hainbat lagun, eta ekitaldi politikoa egin dute.
LAB sindikatuaren izenean Usua Lasak hartu du hitza, eta esan du 2008an krisia lehertu zenetik hainbat erreforma egin dituztela, eta horien ondorioz langileek “geroz eta eskubide gutxiago dituztela”. Dena den, Lasak azpimarratu du Rajoiren PPk egin duen erreforma aurrekoak baino “basatiagoa” dela. “Krisialdia ez da erreformaren arrazoia, aitzakia, baizik, eta erreforma honek patronalari boterea ematen dio”. Horren ondorioz LABen ustez, orain enpresariek lan egutegia, ordutegia eta lan antolaketa guztia aldatu ahal izango dute beraien kabuz, soldatak jaitsi ahal izango dituzte, eta kaleratzeak “inoiz baino merkeagoak” izango dira. Lasarentzat argi dago krisiaren beldurra erabili dutela lan harremanak desregularizatzeko eta “enpresariei nahi dutena egiten uzteko”.
Patronalaz gain erantzule politikoak ere badaudela eman du jakitera Lasak: “PSOEren eskutik etorri ziren lehen lau erreforma handiak CCOO eta UGT sasi sindikatuak babestuta”. Horrez gain, gogoratu beharra dago LABen iritziz, EAj-k aurreko erreforma guztiak ahalbidetu zituela “naiz eta orain beraien burua zuritzen saiatu”.
LABeko Goierriko arduradunak gaineratu du Estatuaren erasoa ez dela erreforma bakarrik. “Aurrekontu Orokorrak onartu eta zerbitzu publikoak murriztuko dizkigute. AHT bezalako obrentzat dirua dagoen bitartean, osasungintzarako edota hezkuntzarako dirurik ez dagoela esaten digute”. Okerrena bere ustez, ordea, ez da hori. “Okerrena da krisia langileok sortu dugula sinesterazi nahi digutela. Krisia langileok ditugun gehiegizko eskubideek sortu dutela, eta beraz, bertatik ateratzeko modu bakarra, eskubide horiek murriztea dela”.
Euskal esparrua
Lasaren arabera, erreformak lan harremanetarako euskal esparrua eratzea eta eraikitzea “behar-beharrezkoa” dela erakusten du. “Eskubide sozial eta laboralak benetan aitortzea nahi badugu, erabakiak hemen hartzea da guk erabakietan parte hartzeko modu bakarra”. Ildo horretatik, Euskal Herriak burujabe izan behar duela aldarrikatu du Lasak. “Hau da, burujabetza ekonomikoa eta politikoa behar dugu”.
Hori guztiagatik martxoaren 29ko greba orokorrak “esanahi berezia” hartzen duela esan du, eta beraz, zentzu horretan Goierriko langileei greba egiteko eta kalera irtetzeko deia egin die.
Emakumeen aldarria
Krisi honek gizarte osoari eragiten dio Lasaren ustez, baina “emakumeak, gazteak, etorkinak eta pentsiodunak dira krisiaren eragina bereziki jasaten ari direnak”. Horregatik emakumeek eta gazteek ere hitz egin dute ekitaldi politikoan.
Emakumeen ordezkari gisa Hodeia Aiestaranek hitz egin du. Guzti horretan emakumeek zeresan “handia” dutela azpimarratu du, “izan ere gu gara krisiaren aurrean kaltetuenak: maila politiko, ideologiko eta ekonomikoan jasaten dugun zapalkuntza kapitalista patriarkalak eskubideak urratzen dizkigu, alor guztietan”. Bere ustez, instituzioetan hartzen ari diren erabakiek “lan eta bizi baldintzen prekarizazioa, langabeziaren igoera, ezberdintasun sozialen areagotzea, finean, pobrezia dakarte”. Rajoiren lan erreformak egoera hori sakondu besterik ez duela egingo aipatu du: “absentismoagatiko kaleratzeek emakumeoi eragingo digu gehienbat, baita jardunaldi partzialetan aparteko orduak egiteko aukerak ere. Desaraututa dauden sektoreak oraindik gehiago desarautuko dituzte, gure antolatzeko ahalmena eta indarra mugatuz”.
Ildo horretatik eskuineko mugimendu kontserbadorearen “erasoaldiak” kezkatu egiten dituela adierazi du Aiestaranek. “Emakumeok etxera itzultzea nahi dute. Familia ugariak osatu eta sistemaren mesedetan jendartearen erreprodukzio lanetara dedikatzera kondenatu nahi gaituzte”. Emakumeen ustez, modu horretan krisiaren aitzakipean, zerbitzu eta eskubide sozialen murrizketekin ideia hori indartu eta indarrez eremu pribatura itzul gaitezen dute helburu”.
Egoera horren aurrean sistemaren benetako aldaketa baten premia aldarrikatu du Aiestaranek. “Jendarte justuago baterako eraldaketarako gakoak emakumeon bizi baldintzak hobetzeko borrokak eskainiko dizkigu”. Aldaketa hori lortzeko bidean hilaren 29ko greban “aktiboki” parte hartzeko deia egin die Goierriko emakume guztiei.
Gazteek ere grebara deitu dute
Gazteen izenean Estitxu Mujikak hartu du hitza. Bere ustez Espainiako Gobernuak onartu duen lan erreformak gazteen egoera “prekarioa” are gehiago “larriagotuko” du. “Formakuntza kontratuarekin 33 urtera arte eduki gaitzakete, 500 euroko soldatarekin eta edozein unetan kaleratuak izateko arriskuarekin. Kasu horretan jasoko dugun kalte-ordaina eskasa izango da”. Mujikaren arabera ekintzaileen kontratu gisa ezagutzera eman dutena ere gazteen eskubideei “zaplazteko” galantza da. “Urtebeteko proba epea jartzeaz gain, edozein unetan kaleratuak izan gaitezke inongo ordainik gabe”.
Gazteen ustez, lan erreformak ez du enplegurik sortuko, ezta epe luzean ere. “Alderantziz suntsitu egingo du. Gazteok eta ondorengo belaunaldiek ez dugu enplegu egonkorrik ezagutuko”, gehitu du Mujikak. Horrek bere ustez bizi proiektu “duin” eta “independentea” garatu ahal izatea “ezinezko” bilakatzen du. “Gazteriaren egoera latza ez da hor bukatzen, ordea. Egun Hego Euskal Herrian langabeen %28 gazteak gara, eta gehienei langabezia saria bukatzen ari zaie. Etorkizun beltza datorkigu, pobrezia eta miseria”.
Mujikaren hitzetan krisi hau, ez da beste krisi bat. “Kapitalismoa jasangaitza da, eta konponbidea ez da eredu anker hau berformulatzetik etorriko”. Aldaketa “integrala” eman behar da bere arabera. “Gazteok indenpendentzia behar dugu gure bizi proiektu duina garatu ahal izateko, eta independentzia behar dugu politika ekonomkiko eta sozialak gure beharren arabera kudeatzeko”. Beraz, erreforma laboralaren aurka egiteko, eta aldaketa bultzatzeko grebara deitu ditu Goierriko gazte guztiak. “Greba hau gazteria antolatzen eta mobilizatzen hasteko tresna izan dadila”.
Mobilizazioak Goierri garaian
Goierri behean egindako mobilizazio horiez gain, Goierri garaian kotxe karabana aterako da 17:00etan Legazpiko industriagunetik. Ondoren, 18:00etan, manifestazioa egingo dute Urretxun eta Zumarragan, Areizaga-Kalebarrenetik abiatuta.














