Bihar, Artzain Eguna Ordizian
Ordizian dena prest dute urteko lehen feria berezia hartzeko, Artzain Eguna. Idiazabal Gaztaren denboraldiari hasiera emateko azoka da, eta bide batez artzainei eta artzaintzari gorazarre egitekoa. 09:00etan hasiko da ardi eta aharien erakusketa Gara...
Ordizian dena prest dute urteko lehen feria berezia hartzeko, Artzain Eguna. Idiazabal Gaztaren denboraldiari hasiera emateko azoka da, eta bide batez artzainei eta artzaintzari gorazarre egitekoa. 09:00etan hasiko da ardi eta aharien erakusketa Garagartza plazan, baina feriaren une gorenak 11:00ak aldera izango dira. Ordu horretantxe, lau artzainen ardiek –bi mila buru denera– Ordiziako herrigunea zeharkatuko dute, eta 11:15 aldera, BCC Basque Culinary Centerreko ordezkari batek gazta berri ebakiko du udaletxean. Ekitaldi berean, EITBko Sustraia saioari omenaldia egingo diote, eta Tolosako Pedro Zuazarregi eta Errezuko (Nafarroa) Miguel Aisa gaztagileei erregulartasun sariak emango dizkiete Idiazabal Jatorri Izendapeneko ordezkariek.
Hauxe da Artzain Eguneko egitaraua:
-09:00: Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan. Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzian erreko dituzte plaza berean.
-11:00: Artaldeak igaroko dira kasko historikoan barrena
-11:15: Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, udaletxeko batzar aretoan. Basque Culinary Centerreko ordezkariek ebakiko dute gazta berria. Aurretik, EITBko Sustraia saioa omenduko dute, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dira.
-11:30: Gazta egitea Garagartza plazan.
-11:30: Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartearen alde.
-12:15: Ile mozte erakustaldia, Garagartza plazan.
-13:00: Lehiaketen garaikur banaketa, Garagartza plazan.













