CAFek kalte ordaina emango dio amiantoak hildako langilearen familiari
Beasaingo CAF enpresak 105.000 euroko kalteordaina eman beharko dio amiantoaren ondorioz hil zen langilearen sendiari. Hala erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak, enpresak jarritako helegitea atzera bota ondoren. Langilea duela sei urte hil, pleurak...
Beasaingo CAF enpresak 105.000 euroko kalteordaina eman beharko dio amiantoaren ondorioz hil zen langilearen sendiari. Hala erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak, enpresak jarritako helegitea atzera bota ondoren.
Langilea duela sei urte hil, pleurako mesotelioma gaitzak jota. CAF enpresan lan egin zuen 1956. urtetik aurrera, soldatzaile moduan. Garai hartan, amiantoa bagoiak egiteko material isolatzaile moduan erabiltzen zen. 2006an atzeman zioten minbizia, epaiak jasotzen duenez, bere ohiko lanean amiantoarekin izan zuen kontaktuagatik.
Gipuzkoako auzitegiak aurrena, eta Euskadiko Auzitegi Nagusiak ondoren, enpresaren kontrako epaia eman zuten, gaitzaren eta lantokiko aktibitatearen arteko lotura garbia delakoan. Enpresak, ordea, helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, Kataluniako auzitegiak hartutako erabaki batean oinarrituta. Gorenaren ustez, ordea, «frogatuta dago enpresak ez zuela inongo segurtasun neurririk hartu». Hala, «ez zen amiantoaren esposizioaren ondorioak ekiditeko inolako prozedurarik martxan jarri, ezta osasunaren zaintzarako kontrolik ere».
Hori guztia ikusita, auzitegiaren ustez, enpresak «ez zuen beharrezko prestutasunarekin jokatu», eta familiari kalteordaina ordaindu arazi dio













