CAFeko garbitzaileek hilabete egingo dute greba mugagabean
Ostegunean hilabete egingo du CAFeko garbitzaileen grebak. Hainbat hilabete daramatzate protestan, baina apirilean erabaki zuten greba mugagabea hastea. ELA eta LAB sindikatuen izenean, langileak prentsaren aurrean agertu dira gaur goizean, beraien ...
Ostegunean hilabete egingo du CAFeko garbitzaileen grebak. Hainbat hilabete daramatzate protestan, baina apirilean erabaki zuten greba mugagabea hastea. ELA eta LAB sindikatuen izenean, langileak prentsaren aurrean agertu dira gaur goizean, beraien egoeraren berri emateko.
LABeko Haizea Mendiak azaldu duenez, «Sei hilabete negoziatzen eman ondoren, eta aurrerapausoak poliki- poliki ikusten hasi ginenean, 2012ko otsailean lan erreforma onartu ondoren, One-k negoziazio mahaia hautsi zuen». Honek, ordea, «langileen amorrua» piztu zuen, eta martxoan zehar 8 greba egun egin zituzten. «Garbi genuen negoziazio mahai berriz ere martxan jarri eta akordio bat eduki arte, ez ginela geldituko». Hala, martxoko 8 greba egunek fruiturik eman ez zutela ikusita, apirilaren 10etik aurrera, greba mugagabea hastea erabaki zuten.
CAFen «boikota» salatu dute
Protesta hasi zutenetik, CAFek izan duen jarrera salatu nahi izan dute langileek. ELAko Ana Alkortaren arabera, «CAF lehenengo egunetik gure greba oztopatzen aritu da, gure greba boikoteatzen aritu da». Hala, langile batzuk «mehatxupean» garbiketa lanak egiten jarri dituela azaldu du. Hori dena «nahikoa ez balitz, orain CAFek garbiketa zerbitzua bi enpresei esleitu» diela salatu dute; «garbiketako langileak bi enpresetan» banatu eta «komitea hautsi» nahi izan dutela diote. Hala ere, «eskubideen defentsan» protesta egiten jarraituko dutela azaldu dute, eta bi enpresekin «akordioa sinatu arte borrokan» segiko dutela.