Ligako bi talde onenen arteko finala
VRAC Quesos Entrepinares eta Ampo Ordizia. Bi talde horiek jokatuko dute gaur Valladolideko Pepe Rojo zelaian (18:00) Espainiako Ohorezko Mailako finala. Liga erregularreko bi talde onenak izan dira, erasokorrenak, eta jokalari erabakigarrienak dituztenak. Quesosek 589 puntu lortu ditu liga erregularreko 18 partidetan –374 aurka– eta Ordiziak 543 puntu lortu ditu –eta 384 aurka–. Hemen ikus daiteke liga erregularraren behin betiko sailkapena. Bi taldeek moralez gainezka egingo diote aurre finalari. Ampo Ordiziak Espainiako Kopa irabazi zuen apirilaren 22an Palentzian El Salvadorren aurka, eta liga irabazteko gai bada, Espainia mailako errugbiaren bi titulu nagusiak irabaziko lituzke. Quesosek, berriz, osatu duen denboraldi bikaina borobildu nahi du etxean titulua irabazita. Klubak 25 urte bete ditu aurten, eta opari bikaina izango litzateke gaztelarrentzat liga hirugarrengoz irabaztea. Partidaren gakoak Final irekia izango da, dudarik gabe. Ligan jokatutako bi partidak VRACen irabazi dituen arren (Valladoliden 25-18 izan zen emaitza eta Altamiran 26-31), final batean edozer gauza gerta daiteke. Bi taldeek ez dute aparteko bajarik. Ordiziaren kasuan Kesomi Lolotonga zalantza izango da azken unera arte, eta Gaztelako taldeak Lora eta Castlen bajak izango ditu. Paul Healy Ampo Ordiziako kirol zuzendariak adierazi duenez, aurkariaren bideo asko aztertu dituzte azken astean, eta irabazteko zer egin behar duten badakite: asko estutu, [...]
VRAC Quesos Entrepinares eta Ampo Ordizia. Bi talde horiek jokatuko dute gaur Valladolideko Pepe Rojo zelaian (18:00) Espainiako Ohorezko Mailako finala. Liga erregularreko bi talde onenak izan dira, erasokorrenak, eta jokalari erabakigarrienak dituztenak. Quesosek 589 puntu lortu ditu liga erregularreko 18 partidetan –374 aurka– eta Ordiziak 543 puntu lortu ditu –eta 384 aurka–. Hemen ikus daiteke liga erregularraren behin betiko sailkapena.
Bi taldeek moralez gainezka egingo diote aurre finalari. Ampo Ordiziak Espainiako Kopa irabazi zuen apirilaren 22an Palentzian El Salvadorren aurka, eta liga irabazteko gai bada, Espainia mailako errugbiaren bi titulu nagusiak irabaziko lituzke. Quesosek, berriz, osatu duen denboraldi bikaina borobildu nahi du etxean titulua irabazita. Klubak 25 urte bete ditu aurten, eta opari bikaina izango litzateke gaztelarrentzat liga hirugarrengoz irabaztea.
Partidaren gakoak
Final irekia izango da, dudarik gabe. Ligan jokatutako bi partidak VRACen irabazi dituen arren (Valladoliden 25-18 izan zen emaitza eta Altamiran 26-31), final batean edozer gauza gerta daiteke. Bi taldeek ez dute aparteko bajarik. Ordiziaren kasuan Kesomi Lolotonga zalantza izango da azken unera arte, eta Gaztelako taldeak Lora eta Castlen bajak izango ditu.
Paul Healy Ampo Ordiziako kirol zuzendariak adierazi duenez, aurkariaren bideo asko aztertu dituzte azken astean, eta irabazteko zer egin behar duten badakite: asko estutu, pentsatzen ez utzi, intentsitatea mantendu eta aukera txikienak ere aprobetxatu. Fernando de la Fuente Canas VRAC Quesoseko teknikariak ere, asko goratzen du goierritarren jokoa, eta denen gainetik, Ampo Ordiziaren hiru laurdeneko lerroaren eta aurrelarien arteko oreka nabarmentzen du. Ordiziako taldeak pare bat mila lagunen babesa izango du gaur Valladoliden.
Jokalari erabakigarrienen estatistikak
Ligako bi jokalaririk erabakigarrienak dituzte Ampo Ordizia eta VRAC Quesosek: Danny Kroll eta Daniel Waenga. Ligan puntu gehien sartu dituzten bi jokalariak dira, Waengak 221 eta Krollek 215, horietako gehienak ostikoz lortutakoak, 191 Waengak eta 175 Krollek. Transformazioetan, berriz, Kroll da nagusi 44 punturekin, Waengak baino bat gehiago. Gauzatutako zigor kolpeetan Getxo Arteako Bradley Linklater izan da onena (35 puntu), eta Waenga (34) eta Kroll (29) bigarren eta hirugarren izan dira.
Ordiziako taldeak, hala ere, badu etxean landutako harribitxi bat: Julen Goia. Idiazabalgo mutila izan da aurtengo ligan entsegu gehien lortu dituena –16-17 artean, ez dago garbi–, 80 puntu guztira. Eta dropen atalean ere bera azaltzen da lehen postuan –drop bat–, baina atzetik dauzkan beste zazpi jokalarirekin berdinduta.
Glen Rolls da gaztelarren beste jokalari erabakigarrienetako bat, baina ordiziarrak ere ez dabiltza hankamotz zeregin horretan. Phil Huxfordek berak lau entsegu sartu zituen Bizkaia Gernikaren aurkako finalerdian. Jokalari bikainak bai, baina errugbi final bat irabazteko talde osoak aritu behar izaten du ondo, jokoaren alor guztietan gainera: uztartzeetan, uztartze irekietan, alboko sakeetan…
Epailea, inglesa
Bitxikeria modura, esan, finalaren epailea Steve Lee ingelesa izango dela. Espainiako federazioak Inglaterrakoarekin hitzarmenak ditu, eta akordio horren ondorio da finaleko epailea Lee izatea. VRACeko teknikari Fernando de la Fuentek “gustura” hartu du erabaki hori, eta esan du jokoaren zenbait alor aldaraziko dituela. “Inglaterrako epaileak onak dira, asko hitz egin dute, eta bi taldeekiko aurreiritzirik ez duenez, epaile egokia izango dela uste dut”.














