Mozorroak ari dira pixkanaka Beasaingo kaleak alaitzen
Beasaingo Loinatz jaietako azken parranda egunean egin ohi den bezalaxe, mozorro eguna ospatzen ari dira gaur. Aurreko asteburuko hotz eta euriarekin ez du zerikusirik oraingoak, eta jende dezente animatu da eguerdiaz geroztik kalera mozorrotuta ater...
Beasaingo Loinatz jaietako azken parranda egunean egin ohi den bezalaxe, mozorro eguna ospatzen ari dira gaur. Aurreko asteburuko hotz eta euriarekin ez du zerikusirik oraingoak, eta jende dezente animatu da eguerdiaz geroztik kalera mozorrotuta ateratzera. Kuadrilla gazteak taberna inguruetan ari dira haien txokoak hartzen, karrozak hartuta dabilenik ere bada, eta asko dira ume eta guzti kaleetan mozorrotuta dabiltzan kuadrillak.
Eguerdiko poteoaren ondoren, mozorro taldeak bazkaltzera joan dira, eta arratsaldean berriz ibiliko dira Beasain erdiguneko kaleak kolorez janzten. Arratsaldean, 18:00etan, MDM antzerki taldeak Scrable kale ikuskizuna egingo du San Martin plazan, eta 20:00etan Mozorro lehiaketa izango da txosna gunean. 23:00etan, Ingo al deu? taldearekin dantzaldia izango da.
Bihar, azken eguna
Bihar bukatuko dira Loinatz jaiak. 09:00etan Iturengo joaldunak kalez kale ibiliko dira, 11:30ean dantza topaketa hasiko da, 17:00etan dantza saioa eta kalejira izango da, eta festak amaitzeko, herri kirol jaialdia egingo da Gernika pasealekuan.