Olaberriak soilik egin du aurrera Herriartekoan, eta finalaurrean da, Debarekin
Iazko ibilaroa behintzat berdinduko du Olaberriak Gipuzkoako Herriarteko pala txapelketan. Final-laurdenetan 3 eta 1 utzi du bazterrean Errenteria. Larunbatean, Fanderian, aldeari eutsi zioten olaberritarrek, etxean biak irabazi ostean. Lehen neurketa ...
Iazko ibilaroa behintzat berdinduko du Olaberriak Gipuzkoako Herriarteko pala txapelketan. Final-laurdenetan 3 eta 1 utzi du bazterrean Errenteria. Larunbatean, Fanderian, aldeari eutsi zioten olaberritarrek, etxean biak irabazi ostean. Lehen neurketa Errenteriak irabazi zuen (35-31, larruzko paletan), eta bigarrena ere parekatua izan arren (37-40), irabazi eta aurrera egin du.
Goierriko ordezkari bakarra Olaberria geratu da Herriartekoan. Bosgarren txapelaren bidean (2003, 2004, 2005 eta 2007an txapeldun), finalaurrekoetan Deba izango du aurkari. Joanekoa Olaberrian jokatuko da, ostiralean 21:15ean; itzulikoa ekainaren 17an, Deban. Donostia-Andoain da beste finalerdia.
Palako bigarren herria, Lazkao, Donostian utzi du kanpora. Lazkaon biak galduta ziren, eta igandean Altzan ezin izan zuten gehiagorik egin. 35-30 eta 40-20 galdu zuten lazkaotarrek.
Eskuz, Zaldibiak ezin irauli
Eskuz lan luzeagoa geratzen da oraindik, partaide gehiago direlako. Baina ez Goierrikorik, final zortzirenek ahitu dute-eta.
Zaldibiak etxean zuen Andoainekin emaitza iraultzeko aukera, ostiralean (2-1 joanekoan). Baina, jaialdia ondo hasi zen arren (22-20 irabazi kadeteek), hurrengo biak galdu zituzten (15-22 eta 17-22).
Urretxuri zirrikiturik ez dio utzi Bidegoainek (1-5 denera). Asteburuan ohorezko garaipena besterik ez dute lortu urretxuarrek, nagusiek 5-22 irabazita; ordurako dena erabakita zegoen.