Jose Antonio Munduate absolbitu egin dute D3Mren kontrako auzian
Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu D3M eta Askatasuneko hamahiru auzipetuak, tartean Jose Antonio Munduate idiazabaldarra. Joan den maiatzaren 3tik 17ra artean izan zen epaiketa, eta fiskalak ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea leporatu zien ia guztiei. Munduaterentzako bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak.
Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu D3M eta Askatasunako auzipetu guztiak. Joan den maiatzaren 3tik 17ra artean izan zen epaiketa, hamahiru lagunen aurka, eta fiskalak ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea leporatu zien 11 auzipeturi. Epaiak, ordea, dio ezin dela frogatu nahita jardun zirenik erakunde armatuaren alde eta, ondorioz, ezin dela esan ETAko kide direnik edo laguntza eman ziotenik.
Epaiak gogoratu du D3M eta Askatasuna bere garaian legez kanpo utzi zituzten arren, bertan aritutako kideek askatasun politikoaren eskubidea dutela.
Manuela Fernandez Prado aritu da epaimahaiburu lanetan, eta Ramon Saez Valcarcel eta Nicolas Poveda izan dira beste bi epaileak. Povedak boto partikularra eman du, auzipetuak zigortzearen alde. Fernandez Prado eta Saez Valcarcel epaileek Egunkaria eta Udalbiltza auzietan ere absoluzioa eman zuten.
2009ko urtarrilaren 23an izan zen polizia operazioa, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, eta urte bereko otsailaren 8an D3M eta Askatasunak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako aurkeztutako zerrendak baliogabetu egin zituen Gorenak. Auzitegi Konstituzionalak lau egun geroago berretsi egin zuen bien legez kanporatzea.













