Euskaltegi berria irekita
Hilabeteetako prestaketa lanen ondoren, joan den ostegunean aurkeztu zien Goiztiri AEK-k herritar, euskaltzale eta agintariei Ordiziako Behe Nafarroa eta Zuberoa kaleen artean irekitako egoitza berria. Ehun lagun inguru elkartu ziren inaugurazio ekitaldira, eta euskaltegiko arduradunen azalpenak jasotzeaz gain, euskaltegiko jardunari buruzko argazki-sorta ikusi ahal izan zen. Goiztiri AEKko kideek gogoratu dutenez, ekitaldiko unerik «hunkigarriena» euskaltegiaren kanpoaldean bizitakoa izan zen. Lehendabizi, Karmele Santoyo euskaltegiko zuzendariak eskerrak eman zizkien bertaratutakoei zein urte hauetan guztietan bidelagun izandakoei. Ondoren, Mertxe Mujikak argi utzi zuen zein den AEKren helburu nagusia: «Krisiak krisi, AEKk bere misioan esaten duena berretsi nahi dugu hemen eta orain, hau da, lanean jarraituko dugula Euskal Herri euskalduna lortu arte. Nahiz eta non-nahi entzuten diren hotsek gauza onik iragarri ez, guk gure lanean eta eginkizunean sinesten dugu». Goiztiri AEK euskaltegiak «giza nahiz baliabide materialak jarri» dituela gogorarazi zuen, eta orain «elkarlanaren txanda» dela. Mujika ikasleei zuzendu zitzaien bereziki, haien ikasteko nahia eta grina goraipatuz. AEKren hainbat arduradunez gain, Ordiziako Udaleko ordezkaritza zabal bat, eta euskalgintzako eta politika munduko kide ugari izan ziren Ordizian: Andoni Sarriegi, Dionisio Amundarain, Iñaki Murua, Karmele Aierbe, Andoni Zubeldia eta Paul Bilbao, besteak beste. Maizpideko eta Beasaingo Udal Euskaltegiko kideak ere han izan ziren. Bukaeran oturuntza egin zuten [...]
Hilabeteetako prestaketa lanen ondoren, joan den ostegunean aurkeztu zien Goiztiri AEK-k herritar, euskaltzale eta agintariei Ordiziako Behe Nafarroa eta Zuberoa kaleen artean irekitako egoitza berria. Ehun lagun inguru elkartu ziren inaugurazio ekitaldira, eta euskaltegiko arduradunen azalpenak jasotzeaz gain, euskaltegiko jardunari buruzko argazki-sorta ikusi ahal izan zen.
Goiztiri AEKko kideek gogoratu dutenez, ekitaldiko unerik «hunkigarriena» euskaltegiaren kanpoaldean bizitakoa izan zen. Lehendabizi, Karmele Santoyo euskaltegiko zuzendariak eskerrak eman zizkien bertaratutakoei zein urte hauetan guztietan bidelagun izandakoei. Ondoren, Mertxe Mujikak argi utzi zuen zein den AEKren helburu nagusia: «Krisiak krisi, AEKk bere misioan esaten duena berretsi nahi dugu hemen eta orain, hau da, lanean jarraituko dugula Euskal Herri euskalduna lortu arte. Nahiz eta non-nahi entzuten diren hotsek gauza onik iragarri ez, guk gure lanean eta eginkizunean sinesten dugu».
Goiztiri AEK euskaltegiak «giza nahiz baliabide materialak jarri» dituela gogorarazi zuen, eta orain «elkarlanaren txanda» dela. Mujika ikasleei zuzendu zitzaien bereziki, haien ikasteko nahia eta grina goraipatuz.
AEKren hainbat arduradunez gain, Ordiziako Udaleko ordezkaritza zabal bat, eta euskalgintzako eta politika munduko kide ugari izan ziren Ordizian: Andoni Sarriegi, Dionisio Amundarain, Iñaki Murua, Karmele Aierbe, Andoni Zubeldia eta Paul Bilbao, besteak beste. Maizpideko eta Beasaingo Udal Euskaltegiko kideak ere han izan ziren. Bukaeran oturuntza egin zuten atarian.
Udalarekin hitzarmena
Karmele Santoyo zuzendariak aurreko ostegunean egunkari honi aurreratu zion moduan, euskaraz egindako ekimenak gauzatu ahal izateko euskaltegiko jarduera anitzeko gela hala eskatzen dutenen eskura jarriko dute. Inaugurazio ekitaldia baliatu zuten Goiztiri AEKkoek Ordiziako Udalarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzeko, erabilera «publiko» hori ofizializatze aldera.
Bestalde, eta aurreko astean egunkari honek argitaratutako informazio bat zehazte aldera, aipatu behar da Ordiziako Udalak eraikin, instalazio eta obretako zergaren kuotan %95eko hobaria AEKri ematea erabaki zuela maiatzean, aho batez gainera.














