Josu Sarriegi: «Une honetan, Realera joatea ardura handia izango litzateke»
Josu Sarriegi (Lazkao, 1979) futbolariak bost denboraldi osatu ditu Greziako Panathinaikos taldean. Kontratua amaitu du eta oraindik ez zaio inorekin sinatu. Eskaintzak aztertuko ditu eta, bere nahiak asetzen dituen bat aurkitzen ez badu, futbola utziko du. Egunotan Lazkaon da, emaztearekin eta seme-alabekin.
Berandu samar atera zinen herritik. Espero al zenuen iritsi zaren tokira iristea?
Ez, ez… Gozatzen nuelako jokatzen nuen eta nire helburua ez zen maila honetara heltzea. Gauzak pixkanaka etortzen dira. Hobetu egin nuen, mailaz igo nuen eta gauzak etorri ziren heinean hartu nituen.
Lazkao bezalako herri batetik irtetea ez da erraza, ume askok jokatzen baitute futbolean, eta onak asko baitira. Gainera, herrietako taldeak ez daude maila gorenetan eta ez dira onenak norberaren ahalmena erakusteko. Bestalde, askotan ez dira onenak iristen gora. Zortea behar da. Hori bai, bikaina bazara, ziur zu ikustera etorriko direla.
Talde mordoxka ezagutu duzu. Zein oroitzapen dituzu bakoitzetik?
Denetatik ditut oroitzapen onak. Lazkao, Beasain eta Eibar ez ziren profesionalak, eta talde giroa bikaina zen. Talde profesionaletan ere giroa ona da, baina ezberdina.
Dena den, saltorik handiena Alavesetik Athleticera eman zenuena da.
Salto handia izan zen. Alavesen urte asko eman nituen eta pixkanaka egin nuen gora. Athleticen jokatzeak zer suposatzen duen badakigu: presioa handia da, batez ere gauzak gaizki doazenean. Athleticen egin nuen denboraldia oso zaila izan zen, azken partidan lortu baikenuen mailari eustea.
Bilbon, gainera, asko eskatzen zaie fitxaketei.
Tirabira asko izan ziren, zein fitxatuko zuten, Ocio edo ni, eta horrek ez zidan mesede egin.
Zer oroitzapen duzu?
Oso ona. Athleticen jokatu izanaz oso harro nago. Sekulako kluba da, eta jokalariak oso ondo zaintzen dituzte.
Ondoren Greziara joan zinen.
Pauso zaila izan zen. Ordura arte Euskal Herritik irten gabea nintzen, eta erabakia bat-batean hartu behar izan nuen, ordurako Athleticekin denboraldiaurrea egiten ari bainintzen. Aurreko denboraldia zaila izan zenez, eta Caparros heldu berriarekin jokatzeko aukera handirik ez nuela izango zirudienez, proba egitea erabaki genuen. Apustua ondo atera zen.
Grezian bikain aritu zara.
Txapelketak irabazteko eta Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izan dut. Espainiako Ligan arituta, oso zaila da Europan jokatzea.
Zer egin behar duzu datorren denboraldian?
Grezian taldeek jabe bakarra dute, eta gurea zalegoarekin haserretu egin zen. Uztea erabaki zuen, baina oraindik ez da eroslerik azaldu. Taldeak sekulako zalegoa du, eta konponbidea bilatzen ari dira. Klubaren filosofia aldatzeko pausoak ematen ari dira eta, seguru aski, taldetxo batek hartuko du ardura. Hori ezin da aste batetik bestera egin, baina futbolean denbora gutxi dago gauzak egiteko.
Non ikusten duzu zeure burua datorren denboraldian?
Ez dakit. 33 urte ditut eta urte asko eman ditut kanpoan. Etxera itzultzeko gogoa dut, baina ikusiko dugu. Aukerak aztertu behar ditut. Talde batzuek interesa azaldu dute, baina oraindik ez didate kontraturik jarri mahai gainean. Eurokopa martxan da, merkatua geldirik dago… Gertatu beharrekoa uztailean gertatuko da, eta lasai nago.
Realak beharbada atzelari bat fitxatuko duela esan dute. Euren deia gustura hartuko al zenuke?
Ez pentsa. Real zalea naiz eta Realean jokatzea gustatuko litzaidake, baina nire ibilbide profesionala bukatzera noa eta une honetan Realera joatea ardura handia izango litzateke. Gipuzkoako taldea da, inguruko guztiak Real zaleak dira… Aukera izango banu, eta ez dut uste izango dudanik, ez dut uste joango nintzatekeenik. Realak deitzea ohore handia litzateke, baina lasaiago bukatu nahi dut nire kirol ibilbidea.
Panathinaikosen zaleen artean oso maitea zara, eta Milango Interri irabazteko balio izan zuen gola sartu zenuen.
Ordura arte Italian irabazi gabeak ginen, eta sekulakoa izan zen. Dagoeneko urte batzuk pasatu dira eta oraindik jendeak eskerrak ematen dizkit kaletik noanean. Niretzat ere egun oso berezia izan zen. Indar handia eman zidan zaletuen aurrean. Nire futbol ibilbideko egunik ederrena izan zen.
Greziako zaleak dioten bezain beroak al dira?
Bai. Sekulako futbol zaletasuna dago eta Panathinaikos eta Olympiakosen arteko lehia sekulakoa da. Zaleek arerio handiaren aurkako partida irabaztea liga irabaztea baino nahiago dute. Derby egunetan iskanbilak izaten dira beti.
Euskal Herriko selekzioarekin ere aritua zara.
Sekulako ilusioa egin zidan lehenengoz deitu zidatenean. Beti izango dut gogoan. Denok nahi dugu gure selekzioarekin jokatu. Asko motibatzen gaitu eta denok ofizialtasunaren aldeko borrokan gaude.
Luzaroan ikusten al duzu zeure burua futbolean jokatzen?
Ez. Ibilbide polita osatu dut eta bukatzeko zorian naiz. Motibatzen nauen eskaintzarik ez badut, utzi egingo dut. Horregatik nago horren lasai. Ez dut edozein tokitara joan nahi jokatzen eta dirua irabazten jarraitzeagatik. Etxera itzultzeko gogoa dugu, baina horrenbeste denbora kanpoan eman ondoren, ez da ezer gertatzen kanpoan beste urtebete emateagatik.
Zein da ikusi duzun jokalaririk onena?
Aitor Txiki Begiristain beti asko gustatu zait, hemen ondokoa baita eta Seguran jokatu zuenean aitak entrenatu baitzuen. Aurrez aurre izan ditudanen artean, Messi, Ronaldinho ondo zegoenean, Etoo… Eguna izorratu didaten asko izan ditut aurrez aurre!
Nork irabaziko du Eurokopa?
Faboritoa Espainia da, baina ez dago jakiterik.
Egunen batean Lazkao futbol taldea entrenatzen ikusiko al zaitugu?
Ez dago jakiterik, baina ez dut neure burua entrenatzaile profesional moduan ikusten. Haurrekin aritzea gehiago gustatuko litzaidake.