Zaldibian Santa Fe jaiak ospatuko dituzte, mondeju sasoia hasteaz bat
Udazkeneko jaki preziatuenetakoa, mondeju zuria, Santa Fe jaiekin batera iritsiko da. Gaintzan aurreko asteburuan San Migeletan agertu ziren lehen hestebeteak, eta orain Zaldibiaren txanda izango da. Festak bi astebukaeratan banatuta ospatuko dituzte zaldibiarrek. Txanda luzeena bihartik astelehenera dute, eta hurrena, urriaren 13an, kuadrillen eguna. Hasi, hain justu, mondejuari keinu eginez hasiko dira. Bihar iluntzean, lehendabizi, desfilea egingo dute haurrek eta helduek, Olaldetik plazara. Mondejua prestatzeko osagaien bilketa irudikatuko dute. Ondoren, 20:00etan, mondeju dastaketa izango da, plazan. Udalak, gaiari lotuta, herriko komertzioetan aholku bat banatu du, berriki. Mondejuak egosi ondoren lapikoan geratzen den koipea harraskatik behera ez isurtzeko gomendatu du, hodiak itxi ditzakeelako. Olioa bereiz jasotzeko ontzietara bota liteke. Hondakinak egoki tratatzeko neurri bakarra ez da hori. Udalak, lehenengo aldiz, plater eta edalontzi berrerabilgarriak ekarriko ditu, mokaduetan erabiltzeko. Ardoa ere kupeletik banatuko dute, «beira hondarrik» ez uzteko. Mozorrotuak eta haurrak Aurreneko asteburuaren banaketa, biharko bezperaren ondotik, Santa Fe egunak ardaztuko du. Mozorrotuen eguna ere izango da larunbata. Arratsaldetik mozorrotuta irteteko deia egin du Festa Batzordeak, etxez etxe zabaldu duen 32 orrialdeko programan. Zaindariaren festaburuan, etzi, pilota partida jaialdiak pisu nabarmena izango du. Gazteen eta profesionalen partida bana iragarri dituzte, Restin. Lehenik, jubeniletan, Nazabal zaldibiarrak eta Xanet Imaz segurarrak, Oria zaldibiarra eta [...]
Hasi, hain justu, mondejuari keinu eginez hasiko dira. Bihar iluntzean, lehendabizi, desfilea egingo dute haurrek eta helduek, Olaldetik plazara. Mondejua prestatzeko osagaien bilketa irudikatuko dute. Ondoren, 20:00etan, mondeju dastaketa izango da, plazan.
Udalak, gaiari lotuta, herriko komertzioetan aholku bat banatu du, berriki. Mondejuak egosi ondoren lapikoan geratzen den koipea harraskatik behera ez isurtzeko gomendatu du, hodiak itxi ditzakeelako. Olioa bereiz jasotzeko ontzietara bota liteke.
Hondakinak egoki tratatzeko neurri bakarra ez da hori. Udalak, lehenengo aldiz, plater eta edalontzi berrerabilgarriak ekarriko ditu, mokaduetan erabiltzeko. Ardoa ere kupeletik banatuko dute, «beira hondarrik» ez uzteko.
Mozorrotuak eta haurrak
Aurreneko asteburuaren banaketa, biharko bezperaren ondotik, Santa Fe egunak ardaztuko du. Mozorrotuen eguna ere izango da larunbata. Arratsaldetik mozorrotuta irteteko deia egin du Festa Batzordeak, etxez etxe zabaldu duen 32 orrialdeko programan.
Zaindariaren festaburuan, etzi, pilota partida jaialdiak pisu nabarmena izango du. Gazteen eta profesionalen partida bana iragarri dituzte, Restin. Lehenik, jubeniletan, Nazabal zaldibiarrak eta Xanet Imaz segurarrak, Oria zaldibiarra eta Elustondo berrobitarra izango dituzte aurkari.
Profesionalen artekoan, Mendizabal herritarra Mikel Goñi nafarrarekin ariko da, Beloki II.a eta Galartza VI.aren aurka.
Igande eguerdian bertsolariei eta herriko trikitilariei emango diete lekukoa. Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi gonbidatu dituzte, Xapre eta gainontzeko musikariekin kalejira egiteko. Astelehena haurren eguna da.
Gauzaintza funtzioa, estalita
Zaldibiako jaiek berritasunik badute, gauzaintza zeregina izango da hori. Bihar-etzitan —eta hurrengo larunbatean—, 20:00etatik 06:00etara parkeak eta eskola inguruak zainduko dituzte herritarrek, txikizioak eragozteko. Olaldeko parkea, futbito jokalekua eta haur eskola ingurua hesituta egongo dira gauetan, eta ezingo da inor sartu. Behar adina boluntariok eman dute izena.
Bestetik, herrigunea itxita egongo da ibilgailuentzat, mediku etxetik eskolako zubira: bihar 18:00etatik etzi 08:00etara, eta larunbatean 14:00etatik astelehen goizera arte.
• Ikusi jaietako egitaraua: goierrikofestak.hitza.eus