Euskal presoen alde Herrira Asteburua ospatuko dute Lazkaon
Euskal presoen eta iheslarien alde Lazkaon urtero antolatu ohi duten ekimenak hiru egun hartuko ditu, aurten. Herrira asteburua ospatuko dute ostiraletik igandera, orain arteko Elkartasun eguna barruan dela. Lazkaoko presoak eta iheslariak gogoratuko d...
Euskal presoen eta iheslarien alde Lazkaon urtero antolatu ohi duten ekimenak hiru egun hartuko ditu, aurten. Herrira asteburua ospatuko dute ostiraletik igandera, orain arteko Elkartasun eguna barruan dela. Lazkaoko presoak eta iheslariak gogoratuko dituzte bereziki.
Lazkao eta Arbizu (Nafarroa) herrien arteko herri kirol desafioa iragarri dute hasteko. Ostiralean 19:00etan izango da, plazan. Aizkoran, lasto altxatzen, trontzan, korrika, txingekin eta zaku karreran lehiatuko dira bi herri horietako kirolariak, taldeka.
Lehenago, 18:00etan, haurrentzat jolasak eta asto-gurdietan paseoak egiteko modua izango da. Herri kirol saioaren ondoren sagardo kupela eta taloak jarriko dituzte.
Larunbatean Elkartasun Egunaren zazpigarren aldia mantenduko dute. 12:00etan giza-katea abiatuko da, herrigunean barrena geldialdiak egin eta ekitaldi politikoak egiteko. Jarraian trikipoteoa dago, Lazkaotxiki Musika Eskolako trikitilariekin. 14:30ean bazkaria izango da, plazako pilotalekuan. Ondoren, kantaldia eta trikitilariak. Bazkaritarako txartelak Antsoategi, Alboka eta Giroa tabernetan dauzkate salgai.
Dokumentalaren estreinaldia
Igandean, azkenik, Barrura begiratzeko leihoak film dokumentala emango dute, 19:00etan, Areria antzokian. Euskal presoen bizipenak eta testigantzak ditu pelikulak. Goierriko estreinaldia izango da, Euskal Herriko zinemetara iritsiko den asteburu berean, Donostiako Zinemaldiaren ostean.
Filmaren zuzendarietako bat, Eneko Olasagasti, Lazkaon izango da igandean, dokumentala aurkezten.













