Goierriko EHE eta Patxi Lazkano lurperatzailea GoiBerriren ale berrian
GoiBerriren 33. alea ostiralean iritsiko da etxeetara. Goierrin euskara bultzatzeko asmoz sortu berri den Euskal Herrian Euskaraz taldea da gai nagusiaren ardatza. 20 gazte elkartu dira talde berrion, eta eskualdean eragiteko asmoz egingo dute lan. Azaroaren 6an euskararen legearen inguruko mahaingurua antolatu dute Beasainen.
Aste honetako elkarrizketa, Urretxuko Udaleko lurperatzaileari egin diote: Patxi Lazkanori. Santu Guztien egunaren atarian, lurperatzaile ofizioaz hitz egin du Lazkanok. Hasiera batean ametsetan ere hilkutxak ikusten zituela oroitu du Lazkanok GoiBerrin. Gorpuak nola lurperatzen dituzten, familiekin egon beharra, sentsazioak…. kontatu ditu Lazkanok.
Beste ataletan, ZukGua prozesua, Moskun bizi den Ainhoa Aierbe beasaindarra, Itsasondo zahar bat eta irimoi mendiaren inguruetan egiteko ibilbide bat aurkitu ahal izango dira aldizkarian.