Aralarreko Garbiñe Zurutuzak zinegotzi kargua hartuko du
Aralar alderdiak zinegotzi postu bat lortu zuen Beasainen, 2011ko udal hauteskundeetan. Hasieran Unai Baztarrikak hartu zuen kargu hura, baina alderdia utzi ondoren, airean gelditu zen zinegotzi postu hura. Joan den urrian, ordea, Baztarrikak uko egin zion zinegotzi izateari, eta postua alderdiaren esku gelditu zen. Orain, Aralar alderdiak Garbiñe Zurutuza proposatu du toki hori betetzeko. Gaur iluntzean egingo duten udalbatzaren osoko bilkuran hartuko du kargua. Aralarren Gipuzkoako exekutibako kide da Zurutuza, eta laugarren aurkeztu zen 2011ko udal hauteskundeetako zerrendan, eta hirugarren Batzar Nagusietakoan. Gaur iluntzean (19:00) egingo duten osoko bilkuran, murrizketen kontrako neurriak eta Aralarko zinegotziaren kargu hartzeaz gain, beste zenbait gai ere landuko dituzte. Hala, CAFeko langileen aurkeztutako enpleguaren inguruko mozioa, zineko sarreren abonu tasaren aldaketa, eta Garingo erregidorearen izendapena izango dituzte aztergai.