
Bihar zortzi, hilaren 11n, abiatuko da Beasaingo eta Ordiziako udaletako kultura sailek lankidetzan antolatutako
Antzerki Garaia ekimenaren 19. edizioa. Ohi bezala, zortzi antzezlan –herri bakoitzean launa– ikusi ahalko dira apirilera bitartean, baina berritasun bat bada aurten, bi udalek euskara lehenestea erabaki dutela, eta hori dela eta, zortzi ikuskarietatik sei euskaraz izango direla. Horrez gain, lanen kalitateari eta bertako produktua izateari ere erreparatu diote lanen aukeraketa egiterakoan. Barrenan aurkeztu zuten atzo zikloa Belen Maizak eta Garbiñe Zurutuzak, bi herrietako kultur zinegotziek.
Maizaren esanetan, 19 urteko elkarlanaren ondorioz «proiektua sendotzen» ari dira bi udalak, bidean ikasitakoa gauzatzeko ahalegina eginez. «Hau ez litzateke posible izango akordioetara eta elkarlanera iritsi ez bagina». Antzerki ziklo hau «kulturari erakusleiho bat eskaintzeko» modu egokia dela uste du Ordiziako zinegotziak, «are gehiago bizi dugun krisi garai hauetan». Zikloarekin lortu nahi dituzten helburuak aurreko urteetako bertsuak dira: errepresentazioetara joateko ohitura duen publikoa berreskuratzea batetik, eta publiko berria erakartzea bestetik, publiko gaztea batez ere.
Sarrera eta bonoen salmenta
Taldeak eta obrak aukeratzeko irizpidea «kalitatea» izan da, Maizak adierazi duenez. «Kontuan hartu diren beste osagai batzuk muntaia, konpainiaren eskarmentua, obren arrakasta, lengoaiari emandako trataera eta hizkuntza izan dira». Garbiñe Zurutuza Beasaingo zinegotziaren arabera, bi udalek «ahalegin berezia» egin dute zortzi antzezlanetik sei euskaraz izateko. Bi herrietan hiruna saioa izango dira euskaraz, eta bakarra gazteleraz.
Antzezlanetarako sarrerak emanaldia egin behar den antzokiaren lehiatilan erosi ahalko dira, 10 euroan. Beasaingo lehen saioko sarrerak, ordea, 12 euro balioko du, eta bi emanaldi izango dira (20:00etan eta 22:30ean). Madrilgo konpainia baten musikal bat da, nahiz eta Txalok ekoitzia izan. Gainontzeko antzezlan guztiak 22:15ean hasiko dira.
Sarrera arruntaz gain, zikloko zortzi antzezlanak ikusteko bonoa ere eros daiteke 60 euroan. Bi herrietako antzokietan, Ordiziako Barrenan eta Beasaingo kultura-euskara sailean salduko dituzte. Horrez gain, hamar sarrera baino gehiago erosten dituzten talde, ikastetxe eta antzekoek 8 euroan lor dezakete sarrera.
Antzerki Garaia
Urtarrila
Urtarrilak 11. ‘Esta noche no es para nadie’, Beasaingo Usurbe antzokian, 20:00etan eta 22:30ean. Sarrera, 12 euro. Ekoizlea: Txalo produkzioak.
Urtarrilak 18. ‘Cotillas’, Ordiziako Herri Antzokian, 22:15ean. Sarrera, 10 euro. Ekoizleak: Gorka Aginagalde & Txaflas.
Otsaila
Otsailak 8. ‘Publikoari gorroto’, Beasaingo Usurbe antzokian, 22:15ean. Sarrera, 10 euro. Ekoizlea: Artedrama.
Otsailak 15. ‘Goenkale, kondesaren erretratua’, Ordiziako Herri Antzokian, 22:15ean. 10 euro. Ekoiz.: Pausoka. Glu/Glu.
Otsailak 22. ‘Hitzak’, Beasaingo Usurbe antzokian, 22:15ean. Sarrera, 10 euro. Ekoizlea: Hika teatroa.
Martxoa
Martxoak 8. ‘Lingua Navajorum’, Beasaingo Usurbe antzokian, 22:15ean. Sarrera, 10 euro. Ekoizlea: Tartean teatroa.
Martxoak 15. ‘Pottola’, Ordiziako Herri Antzokian, 22:15ean. Sarrera, 10 euro. Ekoizlea: Txalo produkzioak.
Apirila
Apirilak 5. ‘Gauerdian’, Ordiziako Herri Antzokian, 22:15ean. Sarrera, 10 euro. Ekoizlea: Ttanttaka teatroa.