Irteerak eta ikastaroak Goierriko mendi elkarteen eskutik
Datozen egun eta asteetan mendiari lotutako hainbat jarduera egingo dituzte mendizale elkarteek Goierrin. Beasaingo Arrastaka Mendi Taldeak Pirinioetan egiteko ikastaro tekniko bat prestatu du; Ordiziako Mendizaleak elkarteko kideak Bostaitzetara eta Amundarainera joango dira eta Urretxuko eta Zumarragako Ostadar taldekoak, berriz, Arantzazu inguruko mendietan ibiliko dira.
Arrastalak antolatuta, “Pirinioetako mendizaletasunean oinarrizko ezagutzak jasozeko ekitaldi tekniko batzuk” egingo dituzte. Urtarrilaren 16an eta 17an, 19an eta 20an, eta 26an eta 27an jarri dituzte hitzorduak. 16an eta 17an teoria eta praktika uztartuko dituzte Ehunmiliaken egoitzan, 19:00etan. Beste bi datetan, jarraian doazen bi asteburutan, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eskainiko dute Arlas inguruan, Belagoa haranean.
16an eta 17an erabili beharreko materialaz hitz egingo dute: kranpoiak, pioleta, botak, arnesak, mosketoiak, sokak…). Korapilo desberdinak egiten erakutsiko dute eta goi mendietan segurtasunez ibiltzeko oinarrizko neurriak ere azalduko dituzte.
Bi asteburuetan, pioleta eta kranpoiak erabiltzen erakutsiko dute, eta baita malda elurtuetan eroriz gero nola gelditu behar den ere. Anklajeak egiten, eta elurretan edo izotzetan aseguratzen erakutsiko dute.
Irteeretan parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 15ean Ehunmilak-Arrastaka taldearen egoitzan egingo den bilerara joan beharko dute, 19:30ean. Arrastaka taldearen webgunean lor daiteke informazio gehiago: arrastaka.net (646 855 620)
Arantzazura Ostadarrekin
Urretxuko eta Zumarragako mendizaleek ere txangoa egiteko aukera dute igandean Ostadarrekin. Araotz-Andarto (1.076 m)-Orkatzategi (874 m)-Haitzulo-Araotz bidea jarraituko dute, goizeko ibilaldian. Mendi taldeak Zelai Ariztin duen egoitzan eman daiteke izena.
Ordiziarrak ere mendira
Ordiziako Mendizaleak elkarteak, bere aldetik, Ordizia-Bostaitzeta-Amundarain bidea egingo du igandean, hilaren 13an. 8:30ean abiatuko dira.