Argiteria aldatuta urtean 70.000 euro aurreztu nahi ditu udalak
Beasaingo udalak herriko argiteria berritzeko eta energia aurrezteko udal plana egin du. Hiru urteren buruan, herriko argiteria publiko guztia aldatu nahi dute, era berean, sistema guztia bateratu eta energia aurrezteko helburuarekin. Aldaketa horiekin, energia kontsumoa %42 murriztu nahi du udalak, urteko 70.000 euroko aurrezkia lortuz. Plangintza horren aurrekontu osoa 415.000 eurokoa izango da, baina kopuru hori hiru urtean amortizatzeko asmoa du udal gobernuak, energia aldetik izango den aurrezpenari eta erakunde publikoen dirulaguntzei esker.
Mari Mar Zelaia udal zerbitzuen saileko zinegotziak azaldu duenez, «energia aurreztea eta zerbitzua hobetzea» dira plangintza horren helburu nagusiak. Era berean, ordea, herriko argiteria publikoan sortutako arazoei konponbidea eman nahi izan diete, eta bide batez, sarearen mantentze eta kudeaketa lanetan ere aldaketak proposatuko dituzte. Zelaiaren ustez, «orain arte ez zen prebentziorako mantenu lanik egiten»; orain, ordea, «baliabide gehiago» jarri dituzte lan horietarako, eta horri esker, «sareari egiten zaion jarraipena zehatza» dela dio. Plangintza honen beste zereginetako bat, energia arloan Europatik datozen agintarauak betetzea da. Arau horiek, energia kontsumoa murriztea eskatzen diete erakunde publikoei.
Argiteria publikoa hobetzeko udal energia planak jasotzen duenez, aurreneko fase batean, kaleetako argiteria publikoa berrituko da. Dagoeneko hasi dituzte lanak hainbat kaletan; Ezkiaga etorbidean, esaterako, argiteria aldatu dute dagoeneko. Udalaren helburua, herriko argiteria osoa aldatu eta bateratzea da. Zelaiaren arabera, «gure helburua kaleko argiteria berritzea da, energia eta diru aldetik aurrezpen handiena hor dagoelako». Egungo sistemarekin, urtean 190.000 euro gastatzen dira kaleko argiterian, eraikin publikoen kontsumoa kontuan izan gabe. Bigarren fase batean, udal eraikinetako argiteriari helduko diote, horietan ere, energia aurrezteko plan bat eginez.
Dagoeneko aldatu dituzten farolen kasuan, lanpara bakoitzaren kontsumoa %42 jaitsi da. Horretarako potentzia murriztu badute ere, argi kopurua ez da jaitsi, «argi zuriagoa eta uniformeagoa» lortu baitute. Horrez gain, gune ilunetan tratamendu berezia eman dute, itzalguneak ekiditeko asmoarekin. Ezkiagan hasitako lanek, Ezkierdi parkean eta Mariarats kalean izango dute jarraipena datozen hilabeteetan. Eta urtean zehar, Erauskin eta Andre Mari kaleen arteko berdegunean, Barandiaran parkean eta Nafarroa etorbideko zati batean ere aldatuko dituzte argiak.
Guztira, 1.100 lanparen potentzia jaitsiko dute, eta 425 unitatetan argiteria buruak aldatuko dituzte, eraginkortasuna hobetzeko. Argiteria publikoko koadroetan, energia aurrezteko sistemak gaurkotu eta erreguladore berriak jarriko dituzte. Bestalde, sistema berri horiek guztiak programa informatiko baten bidez kontrolatu ahal izango dira; hala, akatsen bat egonez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko aukera izango dute.
415.000 euroko aurrekontua
Energiaren udal planaren aurrekontu osoa 415.000 eurokoa izango da. Inbertsio handia badirudi ere, udalak kopuru horren erdia baino gutxiago (188.000 euro) ordaindu behar izango du. Izan ere, zati handi bat erakunde publikoen laguntzen bidez finantziatuko dute. Energiaren Euskal Erakundeak eta Agenda 21 egitasmoak 226.000 euroko laguntza emango dute. Ordaintzeko geldituko den 188.000 euroko inbertsioa ere, urte eta erdian amortizatzea espero du udalak,sistema berriarekin, urtean 70.000 euro aurreztuko baitituzte energiaren fakturan. Zelaiaren ustez, aurrezki hori «oso garrantzitsua» izango da etorkizunean, urtez urte energiaren prezioak goraka egiten jarraituko duelako. Hain zuzen ere, hori da plangintza horrek duen beste helburuetako bat, «energia konpainiekiko dependentzia» gutxitzea.














