Gabon Gaztea ekimena «arrakastatsua» izan dela diote antolatzaileek
Azken urteetan gaztetxoentzako egitarau berezia antolatu dute Eguberrietarako, Gabon Gaztea lemapean. Udaleko gazteria sailak bultzatuta eta Eizku Gaztelekuko hezitzaileen laguntzarekin ekintza sorta antolatzen dute, helburu bezala, nerabeen parte-hartzea bultzatzea hartuta. Aurtengo egitarauan 12 eta 17 urte arteko 204 gaztek parte hartu dute eta ekimena «arrakastatsua» izan dela diote antolatzaileek.
Egin dituzten ekintzen artean, bi azpimarratu dituzte: Anoeta futbol zelaira euskal selekzioaren partida ikustera egindako irteera eta Txuri-Urdin izotz jauregira egindakoa. Aurrez izena emateko betebeharra jarri dute aurten, eta horrek, «antolaketa lanak erraztu» egin dituela azaldu dute.
Bestalde, hainbat kirol eta bideojoko txapelketa egin dituzte. Futbito txapelketan, esaterako, 100 umek parte hartu zuten, 11 taldetan banatuta. Finala Mikel Goñi taldeak irabazi zuen. Bideo eta sukaldaritza tailerrak edota dantza ikastaroa ere egin dituzte.
Gaztelekuan, ateak zabalik
Gabon Gaztea ekimenarekin gustura agertu dira antolatzaileak, baina urte osoan zehar, Gaztelekuak ateak zabalik dituela gogorarazi dute. Ostegunetik igandera, arratsaldero biltzen dira.














