Larri gaixotuta dauden presoei buruzko mahai- ingurua gaur D’elikatuzen
Larunbatean nazio manifestazioa izango da Bilbon –aterako diren dozenaka autobusetan izena ematera deitu du Herrirak– , eta bezpera hori girotzeko, larri gaixotuta dauden euskal presoen egoerari buruz hitz egiteko mahai-ingurua antolatu du Ordiziako Herrirak gaurko. D’elikatuz zentroan izango da, 19:00etan hasita.
Hiru izango dira mahaiaren bueltan eseriko diren eragileak. Euskal presoen osasunaren jarraipenaz eta artatzeaz arduratzen den Mati Iturralde medikua izango da hizlarietako bat, Jaiki Hadi elkarteko ordezkaria. Etxerat elkarteko psikologo Nagore Lopez de Luzuriaga ere Ordizian izango da. Haren izeba, Gotzone Lopez de Luzuriaga da larri gaixo dagoen presoetako bat –bularreko minbizia du–. Karlos Ioldi izango da mahaiaren bueltan eseriko den hirugarrena, Mila Ioldi etxean preso dagoen ataundarraren anaia. Herrirak esan du litekeena dela bi elkarteetako ordezkari gehiago ere Ordizian izatea.
Aipamen berezia hiru presori
Gaurko bilkuran Goierriko hiru preso bereziki izango dituzte gogoan, hirurak emakumezkoak. Batetik Mila Ioldi –eskumuturreko elektronikoa darama–, bigarrenik Belen Gonzalez lazkaotarra –etxean dago zaintza bereziarekin–, eta Inma Berriozabal zegamarra azkenik, gaixo egon arren preso jarraitzen baitu.













