
Zaborraren gaiak Legazpin sortu duen eztabaidari irtenbidea eman asmoz, negoziazio mahai bat sortu dute, abenduko osoko bilkuran
Atez atekoaren aurkako eta birziklatzearen aldeko herri plataformak egindako eskaerari jarraituz. Bihar 18:30ean bilduko da lehenengoz mahaia, aurrerantzean eman beharreko pausoak zehazteko helburuarekin.
Hamaika ordezkarik osatuko dute mahai hau: udal gobernuko hiru kidek, oposizioko alderdiko hiru kidek (alderdi bakoitzeko batek», herri plataformako bi kidek, Legazpi Zero Zabor taldeko kide batek eta Sasieta Mankomunitateko bi teknikarik.
Azkeneko osoko bilkuran du sorburua negoziazio mahai honek; hain zuzen, udal gobernuaren eta herri plataformaren arteko lehenengo gerturatzea suposatu duena. Bai batak, bai besteak positiboki baloratu dute bilgune honen sorrera. Herri plataformatik adierazi dute «gustura» daudela udal gobernuak haien proposamena onartu duelako. Bestetik, Kepa Urtzelai alkateak ere «positiboki» baloratu du plataformak egindako eskaera, udal gobernua «beti hitz egiteko prest» egon dela gaineratuz.
Negoziazio mahai hau zaborraren gaiak sortu duen eztabaida bideratzeko bitartekoa izan daitekeela baieztatzekoan ere, iritzi berekoak dira bi aldeak. Plataformaren iritziz, «adostasunean oinarritutako irtenbide bat» bilatu beharra dago eta horretarako «derrigorrezkoa da negoziaketa». Udal gobernuak berriz, «eztabaida bideratzeko borondatea» agertu du eta irtenbide egokiak aurkitzeko lanari «ilusio handiarekin» ekingo diotela ziurtatu dute.
Negoziaziorako oinarriak
Negoziazio mahaitik espero dutenaren gainean galdetuta, herri plataformak «gobernu taldeak herritar gehienen iritzia kontutan hartzea» espero duela erantzun du. Alkateak aldiz, «ingurumen ikuspegitik arduraz jokatzeko» unea dela adierazi du, eta horregatik «bilketa tasa altuenak lortzen dituen sistemaren alde» egingo dutela adierazi du. Bien bitartean, gaurko bileran «negoziaziorako oinarriak» ezarri nahi ditu plataformak, eta udal gobernuak bertan azalduko ditu dituen helburuak.