Asto-gurdiak eta gaztaina erreak, Astotxo egunaren atarian
Lazkaon gaur girotu dute Astotxo eguna, 1652tik ospatzen den ospakizuna. Bihar izango da festa, baina gaur goizean, 11:00etatik aurrera, haurrek asto-gurdietan ibili ahal izan dute, Euskadi enparantzan. Gaztainak danbolinean erre, eta bertan banatu dituzte, bestetik. Normalean bezperako arratsaldean izan ohi da girotzea, baina Antsoategi elkarte antolatzaileak gaur Bilbon egingo den manifestaziora joateagatik aurreratu egin du ekitaldia.
Bihar, igandea, 11:00etan hasiko da Astotxo festa. Ordu horretan, Zistertarren monasterioan, meza nagusia izango da. Plazan, Enkarterri astoen Gipuzkoako kalifikazio ofiziala egingo dute, eta 12:00etan Gipuzkoako 14. lehiaketa. Plazan 100 bat buru egongo dira.
12:45ean Astotxo Txikia egingo dute, Lazkao Txiki Zelaian. Umeentzat desfilea da. 13:15a aldera hasiko da ‘Egiptorako ihesa’ kale antzezpena, 200 bat herritar partaide direla.