Aurresku eta soinu zahar txapelketako lehen saioa egin dute asteburuan
Gipuzkoa mailako haurren aurresku eta soinu zahar txapelketako lehenengo kanporaketa jokatu da asteburuan Legazpin. Guztira, 35 neska mutikok hartu dute parte, gehienak gipuzkoarrak. Goierritarrak ere izan dira parte hartzaileen artean: lau; guztiak legazpiarrak: Aitor Martinez, Idoia Narbaiza, Ane Arrizabalaga eta Nahia Lopez. Guztietatik Narbaizak bakarrik lortu du sailkapen orokorrean leku bat egitea.
Larunbatean 16:30ean eman zioten hasiera Latxartegi aretoan Sustraiak dantza taldeak antolatutako kanporaketari. Banakako saioak egin zituzten parte hartu zuten neska-mutikoek. Mutilek aurreskua dantzatu zuten, adinka bi multzotan bereizita: 7-11 urte arteko bederatzi haur eta 12-15 bitarteko beste bost. Mutilek euren saioa bukatuta atsedenaldi bat hartu zuten. Ondoren, neskak igo ziren oholtzara. Hauen partaidetza zabalagoa izan zen, 21 lagun aritu ziren adin sail bakarrean, 7-11 urte artekoenean.
Sailkatuak eta kanporaketak
Aurreskuan, 7-11 urte artekoen sailean, Iker Belintxon (Lezo), Xabier Bengoetxea (Ziordia) eta Joseba Pikabea (Errenteria) sailkatu ziren. 12-15 urte artekoen mailan, berriz, bakarra sailkatu zen: Aimar Odriozola (Ibarra). Soinu zaharren kanporaketan Ane Espina (Lezo), Idoia Narbaiza (Legazpi) eta Izaro Agirre (Altsasu) sailkatu ziren.
Datozen hilabeteetan kanporaketa gehiago egingo dituzte Gipuzkoan zehar. Maiatzean izango dira finalak. Neskena, soinu zaharren kategorian Legazpin jokatuko da.