BKL taldeak txartela aterako du laguntzen duten bazkideentzat
BKL Beasaingo Kirolaren Lagunak elkarteak urteak daramatza herriko saskibaloiaren aldeko lan isilean. Baina taldearen egoera ekonomikoa dela medio, bazkide-laguntzailearen figura sortzea erabaki dute. Bazkide bakoitzari txartel bana emango diote, eta horren bidez, hainbat deskontu lortu ahal izango dira. Txartelaren truke, urtean 10 euroko laguntza eskatzen zaio bazkide bakoitzari. bklsaskibaloia@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali behar da, bazkide egiteko.
Bazkideen eskura jarri dituzten abantailen artean, %15eko deskontuarekin erosi ahalko dira kirol oinetakoak eta galtzerdiak, elikagai osagarriak, pultsometroak, Sasoian dendan. Nagusi optikan berriz, graduatutako betaurrekoak (%15eko deskontua) eta eguzkitakoak (%10) lor daitezke. Kattalin jatetxean ere, %15eko deskontua izango da otorduetan.