Ataungo Udalak 1,6 milioi euroko aurrekontua dauka 2013rako, iaz baino %13 handiagoa
Ataungo Udalak 1.650.630 euroko aurrekontua izango du 2013. urterako. Abenduaren 28an onartu zuen Udalbatzak. Iazko aurrekontua baino %13,05 haziagoa da (190.601 euro gehiago). Igoera horren zati ia dena, hala ere, UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren «zuloa» estaltzeko erabili beharko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin iaz hitzartutako plangintza ekonomikoaren arabera —hiru urterako balioa du—, aurten 151.000 euroko soberakina edo superabita edukitzeko eskatu dio aldundiak udalari. UFFFren aurreko urteetako itzulketak finantzatzeko izango da. Ataungo Udalak iazko uztailean 56.794 euroko mailegua eskatu zuen, 2011ko foru funtsetik itzuli beharrekoaren erdia ordaindu ahal izateko.
Plan horretan, diru sarrera gisa, herri basoen ustiapena sartu dute; edo hainbat zerga kobratzen hastea, teilatu eta etxaurren konponketagatik, adibidez, orain arte ez zelako jasotzen.
Egoera horretan, aurtengo aurrekontuak egiteko «gastua doitu eta sarrerak ugaritu» beharra izan du udalak, Igor Aierbe alkateak azaldu duenez. «Labanarekin gabiltza. Agintaldi honetan iazko urtea izan genuen osorik, eta nondik aurreztu daitekeen ikusi ahal izan genuen. Urte onetan gutxi begiratzen zaien gauzei arreta jarri diegu; lehen kobratzen ez ziren zergak, isuririk gerta ez dadin kontuak gainbegiratu…», dio Aierbe alkateak.
Azken urteetan udalen finantzaziorako amesgaizto bihurtu den UFFFk 2012ko itxiera aurreikuspena hobea du. Azken datuen arabera, %5-6ko itzulketa izango da «bakarrik». Iaz, adibidez, Ataunek jasotakoaren %10 itzuli behar izan zion aldundiari. Otsailean egingo dute likidazioa.
Bi inbertsio nagusi
Aurten, Suki baserrietarako bidearen erdiko zatia konpontzea izango da lan handiena. 5.000 euro jarriko ditu udalak; beste zati bat auzotarrek, eta Goimenetik ere diru laguntza espero dute. San Martindik bidearen erdi aldera arte berrituta dago, baita Sukitik Amundarainera artekoa ere. Tarteko zatia falta da.
Bestetik, Juan Arin Dorronsororen obra digitalizatzen jarraituko du udalak, 2.000 euro bideratuta. 2011n hasi ziren, eta faseka egingo dute. Arinek Ataungo toponimia eta leku izenak biltzen lan eskerga egin zuen. «10.000 leku izen baino gehiago kokatu zituen, koben krokisak egin zituen… Artxibo ikaragarri baliotsua da», dio alkateak.
Gainontzean, gastu arruntei eta mantentze zereginei aurre egiteko izango da aurrekontua.
Mugarriei dagokienez, Lazkaorekin muga berriz zehazteko, mugarriketa definitzeko eta eguneratzeko prozesua hasita dago. Kanpoko igerilekuen proiektua alboratu egin du udalak, «garai hobeak iritsi arte». Ingurua txukunduta utzi zuten eremua, iaz. Aldagelak eraikita zeuden, aurreko agintalditik, baina putzua egin gabe zegoen.
Motasoron autobusaren geraleku berria egingo dute, bestetik. Aldundiaren proposamenari hainbat berrikuntza gehitu dizkio udalak, eta horiek aztertzen ari dira orain.
San Gregorioko apaizetxea aurki bukatuta
Aurki erabilgarri egongo dena San Gregorioko apaizetxea izandako eraikina da. Berrikuntza lanak bukatzear dira, margotzea bakarrik falta da. Otsailaren erdirako bukatzea espero du udalak.
Zer erabilera eman, ondoren zehaztuko dute. Batetik, Barandiaran Museoaren osagarri izateko funtzioa edukiko du; mitologiaren eta Aralarren interpretazio zentroa bertan kokatuz. Baina Ataungo Udalak San Gregorio auzorako kultur etxea izan dadin ere nahi du, «zerbitzu publiko guztiak San Martinen zentratu gabe». Arin Dorronsororen lanak gordetzeko ere toki aproposa dela iritzi dio alkateak.
Ataun-Lazkao oinezko herri-bidean, Zubikoetan, Agauntza errekaren ertzean aurreko astean erori zen luizia konpontzen, berriz, ari da udala. «Beranduenera» astelehenerako beste pasabide bat zabalduko dute ibiltarientzat, atzera horma egin arte. Ordu arte itxita dago bide hori.

San Gregorioko apaizetxea zena./Aimar Maiz













