Beti-Bizi elkartea eta Miguel Merino ardogilea omenduko ditu odolkiaren kofradiak
Beasaingo Odolkiaren Kofradiak XXVIII. kapitulua egingo du datorren asteartean, San Martin egunarekin batera. Santu ezagunaren irudiari omenaldia, kofradeen bilkura eta bazkaria egingo dituzte, besteak beste. Aurten, ohorezko bi kofradia kide izendatuko dituzte, Beti-Bizi elkarteko kultura batzordea, eta Miguel Merino ardogile eta esportatzailea. Bakoitzak bere arloan egindako lana eskertuko die kofradiak, odolkiarekin kolpe batzuk emanez; eta omenduek, Beasaingo odolkia edozeren gainetik defendatuko dutela zin egin beharko dute, tradizioak agintzen duen moduan.
Urteroko ekitaldiek osatuko dute astearte goizerako antolatu duten egitaraua. 09:30ean elkartuko dira kofradietako kide guztiak, eta galako jantziekin atonduta, San Martinen estatua dagoen tokira joango dira, txistulariak lagun. Han, santuari lore eskaintza egin eta agurra dantzatuko diote. Segidan, eliza aldera abiatu eta meza egingo dute. 12:00etan hasiko da kofradiaren 26. kapituluaren ospakizuna. Bertara gerturatzen diren guztientzat, hamaiketakoa izango da, odolkiekin. Behin hura bukatutakoan, bazkaltzera joango dira denak.
Bazkaria Castillo hotelean
Odolki kofradiaren eguna behar bezala bukatzeko, bazkari dotorea prestatu dute astearte eguerdirako. Olaberriko Castillo hotelean egingo dute, eta odolkiarekin prestatutako hainbat plater, zapoa eta azpizuna jango dituzte.
Bazkarian parte hartu nahi dutenek, aurrez hartu behar dute txartela; izan ere, kofradiakoen esanetan, «antolakuntzaren onerako, bazkalkide kopurua ahalik eta azkarren ezagutzea» komeni baita. Gaurkoa eta biharkoa dituzte txartelak erosteko azken egunak. Castillo hotelean eta Beasaingo Nagasaki eta Jar tabernetan daude salgai, 55 euroan.
Urte askotako lanaren esker ona
Herrian bertan edo jaioterritik kanpo, urte askoan egindako lana saritu nahi izaten du odolkiaren kofradiak urtero, ohorezko kofradeak izendatuta. Aurten ere, meriturik falta ez duten bi izen aukeratu dituzte horretarako, Beti-Bizi elkartea, eta Miguel Merino ardogilea.
Beti-Bizi elkartea Beasaingo elkarterik beteranoenetako bat da. Baina elkarte gastronomiko soila izan ordez, beti saiatu izan dira herriko kultur eta kirol bizitzan parte hartzen. Elkartea 1979. urtean sortu zen. Urte hartan bertan, aspaldian galduta zegoen Beasain Jaietan urtekaria berreskuratu zuten, eta urtero argitaratu dute harrezkero. Elkartearen beste eginkizunetako bat, Beasaingo San Silbestre lasterketa antolatzea izaten da.
Aurtengo bigarren omendua, Miguel Merino ardogilea eta esportatzailea izango da. Merino duela 40 urte inguru iritsi zen Errioxara, beste toki batzuetan bizi izan eta gero, tartean AEBtan. Urteen poderioz, Errioxa ardoen artean izena hartzea lortu du bere familiarekin batera gobernatzen duen Bodegas Merino etxeak.













