«Nahi al duzu besarkada bat?»
Kalean zugana gerturatzen ikusten badituzu, ez larritu, ez datoz diru eske, besarkada bat ematea, ez dute besterik nahi. Beasaingo La Salle ikastetxeko hainbat ikaslek, ekimen berezi bat jarri dute martxan egunotan. Bakearen astea ospatzen ari dira eskolan, eta horren barruan, ikasleek ekintza ezberdinak pentsatu eta garatu dituzte. Hau izan da horietako bat.
‘Besarkada dohainik’ dioen kartela hartu eta kalera atera dira, herritarren artean, doan eta trukean ezer eskatu gabe, besarkadak banatzeko asmoz. Jendeak harriduraz hartzen ditu lehen momentuan, baina irrifarrea ateratzen diote askori. Izan ere, nork ez du gustura hartzen besarkada bat?













