Biktima guztien aitortza egin du Lazkaoko Udalak, mozio batean
Lazkaoko Udalbatzak Euskal Herriko gatazkaren ondorioz biktima diren guztien aitortza egiten duen mozio bat onartu du, Bilduren babesarekin. Udal gobernuko taldeak Juan Antonio Arruabarrenaren aipamena egin du biktima horien artetik. EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozio bateratu baten erantzun gisa sartu zuen berea Bilduk; koalizioko zazpi hautetsien botoekin atera zen aurrera; EAJko bost zinegotziak abstenitu egin ziren, eta PSEko bakarrak aurka bozkatu zuen.
Onetsitako agiria baino lehen, EAJk eta PSEk beren mozioan Arruabarrena enpresari lazkaotarrari udalak elkartasuna adieraz ziezaiola eskatu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak 25 urteko kartzelara zigortu du Juan Carlos Iglesias Chouzas Gadafi, Arruabarrenaren aurka «hilketa saiakera» egitea leporatuta.
Mozio berean, oposizioko bi alderdiek «poza» agertu zuten «Justiziak hilketa saiakeraren arduraduna aurkitu eta sententzia ezarri duelako». ETAri «berehala» desegiteko ere eskatu zioten.
Eskaera sorta horrek ez zuen udalbatzaren gehiengoaren onespenik jaso. Bilduk, bere mozioan, gogorarazi zuen udal zinegotziek Euskal Herriaren eskubideen defentsan eta eraikuntzan «soilik bide demokratikoak eta biolentziarik gabekoak» erabiltzeko nahia orain bi urte agertu zutela. «Biktima guztien aitortza» egin zuten, «kasu honetan Juan Antonio Arruabarrena lazkaotarrari aipamena eginez».
Espainiako eta Frantziako gobernuei «pausoak ematen hasteko» eskatu die Bilduk. EAJri eta PSEri, berriz, «herritarren iritzia» entzuteko. Lazkaoko Bilduk «pertsona zein kolektibo ororen» eskubideak defendituko dituela gehitu zuten, «tartean preso gaixoen kaleratzea, kondena luzaketekin amaitzea eta preso guztien eskubideak errespetatzeko eskatzea bi gobernuei».
Bukatu aurretik aretotik irten
EAJko eta PSEko zinegotziek batzarra bukatu aurretik alde egitea ere gaitzetsi du Bilduk: «Ez dugu ulertzen bilkurako azken puntuan herritarrei hitza ematen zaienean, herritarren ordezkari diren horiek mahaitik altxa eta aretotik irtetea, alkateak bilkura amaitutzat eman aurretik eta herritarrei entzuteari uko eginez».