
Hirigintza gaiekin lotutako egitasmoak izango ditu Olaberriko Udalak 2013an zehar burutzeko nabarmenenak. Batetik, hiri planeamenduko arau ordezkatzaile berriak osatzen ari da. Bestetik, Ihurre auzoa Arcelor-Mittalen jabetzatik udalaren eskuetara pasatzeko negoziazioak hasita ditu. Guztira 2.310.000 euroko aurrekontua du Olaberriak aurtengo, duela bi urtetik «zerbait gutxixeago» den arren, «zorionez» sarrerak antzera dituelako.
Aurrekontuetan 250.000 euroko diru saila gorde du udalak Ihurrerako, baldin eta udalaren nahia egikaritzen bada. «Badakigu askoz gehiago gastatu beharko dugula, baina pixkanaka joango gara. Igerilekuak eta kirol eremua ere publiko izatera pasatuko lirateke, eta horiek ere berritu baten premian dira», azaldu du Jokin Garmendia alkateak.
Duela hilabete batzuk hasi zuten enpresak eta udalak negoziazioa. «Aspaldiko borroka da. Udalaren nahia Ihurre publiko bihurtzea da. Orain, beraiek etorri dira eskaintzera, gainera. Aukera baliatu behar da. Badirudi urtea bukatzerako burutuko dela», azaldu du alkateak.
Udal gai gehiago
Bestetik, 2013an hirigintza arauak berritzeko prozedurari jarraipena emango dio udalak. Iaz 120.000 euro izendatu zituzten zeregin horretarako, eta 80.000 geratzen dira. Aurten ez dute diru gehiago sartu aurrekontuetan. Alegazio fasean dago orain, epea luzatuta.
Arauen berrikuntzarekin lotuta, iradokizun gehien tiro eremuaren inguruan ari da jasotzen udala.Jarduera-baimenik gabe funtzionatu du Olaberriko tiro zelaiak duela 40 bat urte ireki zenetik. Herritar talde batek ixteko eskatu zuen abenduan. Alkateak zail ikusten du beste eremu batera aldatzea, arauen berrikuspenean gaia present baldin badago ere.
«Garbi dagoena da legeztatu beharra dagoela. Beste kokagune bat bilatzeak zailtasunak ditu. Ingurumen azterketak egiten ari gara, eta badirudi teknikoki legeztatzeko egokiena dagoen gunean dagoela. Guri ez zaigu iruditzen, herria hazten doan heinean azkenean enbarazu egingo digulako. Printzipioz, hor gelditzeak du aukera handiena, baina iraungitze data bat jarri beharko diogu, ez betiko», dio alkateak.
Ihurreko eskoletan, berriz, aurreko agintealdiko hotel proiektua erabat baztertuta dago. Arauek balio gehituko etxebizitzak sortzeko aukera utziko dute. Zaborrak kudeatzeko zentroaren proiektua ere geratuta dago.
Bestela, inbertsioetan Aragunerenetik Errekalderako bidea konpondu eta hango ur sarea berrituko dute, 210.000 eurorekin. Harizti industrialdean kale-argiak led erakoak jarriko dituzte (40.000 euro inguru).
Zezilione atzeko lur saila sustatzaileari atzera erosteko 111.000 euro bideratuko dira. Etxe erosleek mailegurik ezin izan dutelako lortu, ez dira eraikiko.