EAJk eta PSEk diote "herritar batzuen eta alkatearen jarreragatik" utzi zutela udalbatzarra
Lazkaoko udaletxean urtarrilaren 31n egin zen Udalbatzaren osoko bilkura amaitutzat eman aurretik utzi zuten EAJko eta PSE-EEko zinegotziek, eta herenegun ohar batean esan zutenez «herritar batzuen eta alkatearen jarreragatik» alde egin zuten.
Batzar hartan, besteak beste, Juan Antonio Arruabarrena enpresari lazkaotarrari elkartasuna adierazteko eskatuz mozio bat aurkeztu zuten EAJk eta PSEk. Bilduk biktima guztien aitortza eginez beste agiri bat sartu zuen, eta hura onartu zen. Galde-erantzunez atalean utzi zuten aretoa; «ordurako gai guztiak eztabaidatuta zeuden eta herritarren iritziak entzunda», diote.
Udalbatzarretara «batzuk bazterrak nahastera» joaten direla deitoratu dute oposizioko bi alderdiek, eta «horien oihuak, irainak edo leporatzeak» ez dituztela jasango. EAJko eta PSEko zinegotziek orain arte bi aldiz utzi dute batzarra amaitutzat eman aurretik, «eta hurrengoan lehenago alde egingo dugu, batzuen jarrera aldatzen ez bada edo alkateak zuzentzen ez badu. Eta horrek ez du esan nahi herritarren iritzia edo iradokizunak ez ditugula entzun nahi». Bilduk, batzarra bukatu aurretik altxa eta herritarren iritziak ez zituztela entzun nahi kritikatu zien.
Alkateari, jarrera aldatzeko
Osoko bilkurak irekiak direla eta herritarrek hitz egiteko aukera dutela aitortu dute; «amaieran, ez lehenago». «Inoren mespretxua» jasateko ez daudela prest gehitu dute. «Gu ere bagara herritarren ehuneko batzuen ordezkariak». Alkateari «egoera bideratzeko» eskatu diote bi alderdiek.
Bestetik, alkatearen hainbat jokabide salatu dituzte. «Eztabaidan dagoen gaia bere gustukoa ez denean, moztu, bozketara eramanarazi eta beste zerbaitera pasatzeko ahalegina» ez egiteko eskatu dute. Bilduk gehiengo osoa «erabili» egiten duela ere badiote, «azken momentuan gai zerrendan ez dagoen gairen bat sartzeko, edo sartzea galarazteko».
Besteen gaiekiko «errespetu bera» edukitzeko eskatu diote alkateari, «nahiz gustuko ez izan».