Edukiontzi marroia «negoziaezina» da Legazpiko herri plataformarentzat
Legazpin hondakinen kudeaketarako mahaia desegin eta gero, Atez atekorik ez, birziklapena bai herri plataformak ekimenaren gaineko balorazioa egin du, udal gobernuak pasa den astean gauza bera egin ondotik. Negoziazio mahaian bi aldeen arteko akordioa «ezinezkoa» izan dela esan dute, iraun duen bitartean giroa «adiskidetsua» izan den arren.
Egindako lau bileretan alde bakoitzak bere jarrera zehaztu du eta dituen proposamenak mahai gaineratu. Plataformak egindako planteamenduan bosgarren edukiontzia «utziezina eta negoziaezina dela adierazi genuen mahaian», esan zuen Alberdik. Neurri batean «amore eman» zuen plataformak eta derrigorrezko bosgarren edukiontzia proposatu. Sei hilabeteko epean bosgarren edukiontzia eta edukiontzi berdea batera mantentzea proposatzen dute, «familiak boluntarioko bosgarren edukiontzira atxikitu eta nola erabili behar dugun ikasteko». Epe hori amaituta, «edukiontzi berdea kentzea proposatzen dugu, horrela marroia derrigorrezko bihurtuz», gaineratu zuen.
Plataformak eta udal gobernuak egindako proposamenek akordiorako aukerarik uzten ez zutenez, Sasietako teknikariek «bi aldeen adostasuna helburu» zuen proposamen berri bat eraman zuen laugarren eta azken bilerara. Koldobike Olabide plataformako kideak azaldu zuenez, Sasietaren planteamenduak, «bi frakzio –organikoa eta errefusa– atez ate biltzea» dituela helburu argitu zuen Olabidek. Plataformak eta oposizioko alderdiek, EAJk, PSE-EEk eta Hamaikabatek ez zuten onartu, eta ondorioz mahaia desegin egin zen. Olabidek proposamenari uko egitearen arrazoia bosgarren edukiontzia aitzat ez hartu izana dela esan zuen.
Zabor poltsak zintzilikatzea eta herri galdeketa bat egitea hurrengo asmoak
Hemendik aurrera jarraitu beharreko lan ildoak zeintzuk izango diren ere zehaztu du herri plataformak. Hala, atez atekoaren kontra dauden legazpiarrei euren etxeetako balkoietan eta leihoetan zabor poltsak zintzilikatzeko deia egin diete. Bihar, merkatuan eta Hegialden zabor poltsak banatuko dituzte eta datorren larunbatean kanpainari hasiera emateko deia egin dute.
Arartekoari txosten berri bat helaraziko diote, aurrekoa osatzeko eta negoziazio mahaiaren nondik norakoak azaltzeko. Bestetik, plataformak herri galdeketa bat egiteko asmoa agertu du, «alkatearen ezezkoaren aurrean, bakarrik eramango dugu aurrera», esan zuten. Galdeketa honek legazpiarren gehiengoa atez atekoaren aurka dagoela adieraziko balu, desobedientzia zibila erabiliko dute euren «eskubideak defendatzeko» bitarteko bezala.