![DSCN0492](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/02/DSCN0492.jpg)
Euriak eta elurrak kalteak eragin dituzte Goierriko hainbat errepidetan. Zegama eta Etxegarate artekoan, errepide zati bat mendian behera joan zen duela hamar bat egun eta itxita dago ordutik. Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru aste barru hasiko ditu konponketa lanak.
Edurne Albizu Zegamako alkatea astelehenean elkartu zen Foru Aldundiko arduradunekin eta Zegamatik Etxegaratera doan errepidea (Gi-2637) urgentziako prozedura bitartez konpontzea erabaki dute. Horri esker, lanak berehala hasiko dira.
Albizuk obra hau hiru enpresei eskainiko zaiela eta lanak hiru bat aste barru hasiko direla aurreratu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak 800.000 euro inguru erabiliko ditu errepide hau konpontzeko.
Izan ere, aspalditik dago egoera txarrean. «N-1 errepidearen alternatiba izanik, lotsagarria da hala egotea. Kontuan izan behar da urtean sei bat aldiz N-1 itxi egiten dela eta auto guztiek beste errepide hau erabiltzen dutela», azaldu du alkateak.
Gabiriako bideetan ere arazoak sortu dituzte elurrak eta haizeak. Asteartean pinuak erori ziren Urruti aldean eta errepidea itxita egon zen. Udal langileak arduratu ziren garbiketa lanez.
Etxeberri Bizkai baserriko bihurgunean makal bat erori zen eta Minetako bidean, berriz, pinuak. Azken hauek Aranburu baserrikoek kendu zituzten.
Azkenik, Bekoetxeko sagastiaren ondoko bihurgunean pinu bat kable elektrikoaren gainera erori zen eta hormigoizko poste bat bota zuen kable eta guzti. Bide hau ere Udal langileek garbitu zuten.