‘Kontsejupetik’ udal aldizkaria berriz argitaratuko dute Legazpin
Legazpiko Udalak Kontsejupetik udal buletina berritu du, eta bi hilabetean behin aldizkari formatuan argitaratuko duela iragarri. Udal gobernuaren asmoa produktu erakargarri eta parte hartzaile bat sortzea da, udaletxean egiten diren ekintzak eta bertan hartzen diren erabakiak herritarrei jakinarazteko helburuarekin.
Aldizkaria informazio eskaintzeaz gain, herritarren kezken, galderen eta iritzien bilgune izateko ere jaio da, «herritarrek euren iritziaren bozgorailua izan dezaten», adierazi dute udaletxetik. Udal gobernuari galderak egin eta erantzunak jasotzeko Galdetu lasai atala izango da. Baita, edozein bizilagunen iritziak, aldarrikapenak eta iradokizunak argitaratzeko Eskutitzak atala ere, «irakurle ororentzat baita interesgarria bizilagunak dituen kezken berri jakitea».
Lehenengo alea martxorako
Udalak galderak eta eskutitzak bidaltzeko deia luzatu die herritarrei. Posta arruntez Legazpiko Udala, Euskal Herria plaza 1, 20230 Legazpi helbidera eta posta elektronikoz legazpiko-udala.info web gunean horretarako propio irekitako leihora bidali beharko dituzte idatziak. Eskutitzak atalean gehienez 835 karaktereko idazkiak onartuko dituzte. 2013ko lehenengo alea «dagoeneko labean» dagoela adierazi dute, eta martxorako argitaratuko dutela aurreikusten da. Lehenengo alean 2012ko ekitaldien laburpen bat egingo dute.