Oinarritik teilatura, energia
Aramako herritarrentzat zerbitzu publikoen gune garrantzitsu izango da eraiki berri duten udaletxe, kultur etxe, ludoteka eta gimnasio berria. Eraikin balioanitza, herrigintzaren indargarri izan dadin. Energia hori sortzeko helburua badu ere, berez energia aurrezteko pentsatutako etxea da, arkitektonikoki bezala teknikoki. «Efizientzia energetiko ahalik eta handiena izateko».
Instalakuntza, diseinu eta gailu bereziak jarri ditu eraikina diseinatu duen Bilboko Vidaurre&Prieto arkitektura estudioak. Energiaren eraginkortasuna edo efizientzia lortzeko irizpideek indar handia dute: «Legediak asko eskatzen du arlo horretan, baina eraikin hau urrutiago doa: geotermia, barne-aldagailu geotermikoa eta aireztapen sistema berezia ditu. Energia-biltzaile batekin, hoztu edo berotu egin dezake, doan, eta kontrol- eta kudeaketa-sistema adimentsu batekin», dio Fermin Bidaurre arkitektoak.
Kanpoko argindar energia ahalik eta gutxien, eta naturak emandako berriztagarriak ahalik ondoen baliatzeko sekretua lurpean hasten da. Lurraren barruko beroa —geotermia— xurgatzeko, 150 metro sakoneraino sei zirkuitu daude sartuta, bakoitza bi hodirekin. Arama 165 metroko garaieran dago; beraz, ia itsasoaren pareraino jaisten dira hodiak.
Hodiak berotu ondoren, horko ur epela kondentsatu egiten du lur azaleko barne-aldagailu geotermikoak, solairu bakoitzean. Ur bero bilakatzen du, eta aire beroa barreiatzen du solairuan.
Eraikinak sortzen duen beroa bere kabuz zurrupatzen du, baita ere, etxeak berak. Tximinia zabal bat dago, behetik goraino. Aire beroa xurgatu, teilatuko aire-berritze zentrora bideratu eta tratatu, eta atzera behera botatzen du, berogailu efektua eginez.
Teilatuan harri bolkanikoak
Sustraiak bezala, txapela ere berezia du eraikinak. Teilatuan, harrixka bolkanikoz osatutako geruza bota dute, hogei-bat zentimetro lodikoa. Landare jakin batzuk landatu dituzte han. «Hozberoari eusteko balio du», dio Axier Mujika alkateak.
Landarediarekin jokatuko dute eskaileretan ere, klimatizazio egokia naturalki lortzeko. Beiratea da eskailera pareko horma, altuera guztian, eta kanpotik landare igokariak landatu dituzte. Horiek hazitakoan udan itzala emango du, barrua freskatuz; neguan, hosto galkorra denez, argia sartzen utziko du.
Eraikinaren hegoaldeko eta ekialdeko aurpegiak beirazkoak dira, eguzkiaren indarra baliatzeko; beste biak, harrizkoak. Leihate zabalak metalezko xafla bertikalekin itxi edo ireki daitezke.
Sistema horiei guztiei esker, eta propanozko galdara batekin alderatuta, energia aurrezpena %57koa izango da Aramako eraikin balioanitz berrian; atmosferara gas isuriak %68 gutxituko dituela aurreikusten da.