Erabiltzeko leku bat, lan egiteko espazioa, jende berria ezagutzekoa, taldeak biltzekoa...» hori izango da Ordiziako gaztetxe berria. Lehenago eskola izan da Milagrosa, eta aurrerantzean ere eskola izango da, irakaslerik izango ez badu ere.
Alex Areizaga
Goierri
Erabiltzeko leku bat, lan egiteko espazioa, jende berria ezagutzekoa, taldeak biltzekoa…» hori izango da Ordiziako gaztetxe berria. Lehenago eskola izan da Milagrosa, eta aurrerantzean ere eskola izango da, irakaslerik izango ez badu ere.
«Mila aukera ematen ditu. Herriari bizitasuna emateko, orain arte egin ez ditugun ekintzak egiteko… imajinazioa erabiliz protesta egiteko bideak sortzeko» da gaztetxe bat. Hala uste dute Ordiziako Gazte Asanbladako kideek, «eta imajinazioa hemen soberan dugu», diote.
Ordiziako Gazte Asanblada irailean hasi zen Milagrosa eraikina gaztetxe bihurtzen. Teilatutik hasi dituzte konponketak, sustraiak sendoak baititu asanbladak. Gaztetxe bat eraiki beharrak jende berria erakarri du taldera, eta egunero hamabost lagun inguru batzen dira, laneko arropa jantzi, eta Ordiziako ametsen fabrika berria atontzera.
«Orain hasi gara erritmo pixka bat hartzen» diote asanbladako kideek obra lanei buruz. «Horrela jarraitzen badugu, hilabeteetako kontua izango da gaztetxea irekitzea», uste dute. Ez dituzte ofizioak ikasi, baina batak edo besteak dakiena, elkarri erakusten diote. «Hemen ikasi dugu, inprobisatuz», diote, baina gaztetxe zaharrean ere egin behar izan zuten obrarik. «Hasierak zailtasunak ditu, indarrez hartzea kostatu zitzaigun agian, baina guztion artean lan eginez, asko aldatu dira gauzak».
Sapaiak berritzen hasi dira, pladurra jartzen. Liburutegia ere liburuz beteta dago jada, gelak oraindik formarik ez badu ere. Ametsak lanak baino azkarrago doaz, baina gazteek ez dute presarik, bidean ere asko ikasten denaren jakitun.
Tailerra izango den gelan paretak konpondu dituzte, eta horretan ari dira sukaldea eta almazena bilduko dituen gelan ere. Aurrerago etorriko dira eraikinaren barrenean egongo diren barra, eguneroko espazioa, eta kontzertu gunea edo aretoa prestatzearen lanak. Oraingoz, ez dute aspertzeko astirik. Herri mugimenduen gela ere izango du gaztetxeak, eta elkarte desberdinek bertan egin ahalko dituzte euren bilerak edota lanak.
Zaharren egoitzaren gertutasuna ez dute ahazten gazteek, eta badituzte elkarren arteko harremana sendotzera begirako ekintzak buruan. Oraingoz, Milagrosaren inguruetako eskailerak garbitu dituzte, eta pareta bat ere margotu dute, auzoari bizitasuna emango dion espazio baten gertutasunaren seinale. Bisitak ere izan dituzte, amona batzuena edota ertzainena kasu. Lehenengoak «hunkituta» sartu ziren gaztetxean, beraien eskola garaietako oroitzapenak gazteekin partekatuz. Ertzainak, aldiz, pankarta baten bueltan bertaratu ziren gaztetxera, identifikatzeko gazteren baten bila. Bata eta bestea, gaztetxeak herrian eta auzoan duen eraginaren seinale dira. Eta oraindik, ireki ere ez dute egin.
Horretarako, oraindik lan asko egin beharko dute. Teilatuak kezkatzen ditu gehien, itogin asko dituela baitiote. «Teilatua, gainera, ez da edonork konpon dezakegun gauza bat», diote. «Zaharra da eta egurrak ustelduta daude».
Gazte asanblada ari da lanak aurrera eramaten, eta asanblada bera da gastuei aurre egiten diena. Elektrizitate instalazioa jartzerakoan laguntza izan dute, eta teilatuarekin ere berdin gertatzea espero dute. Hala ere, errifak, txozna… ideia desberdinak baliatuko dituzte obra aurrera eramateko. Herriko gazte eta ez hain gazte guztiei luzatu diete obran parte hartzeko gonbidapena. «Gaztetxea leku ireki bat da, eta baita obra ere».
Abuztutik gabe
Abuztuan itxi zuten Filipinak kaleko gaztetxea, eta diotenez, ez dute kalean geratzeko beldurrik izan. «Bagenekien, batera edo bestera, zerbait lortuko genuela». Eraikinaren egoera ikustean sortu zitzaizkien kezkak, baina aste hauetako lanarekin uxatu dituzte. Beste gaztetxea itxi izanak, egoera asko aldatu du. «Betidanik jakin izan dugu eraikina gaizki zegoela, baina analisiak egiten hasi, eta emaitzak ikustea, beste gauza bat da. Habeen barrualdetik harri xehetua ateratzen zen, eta habeak eurak pitzatu egiten ziren probak egitean. Behintzat, zerbait gertatu aurretik utzi dugu» diote, pentsakor.
«26 urte eta gero gaztetxea izan dena itxi beharrak» pena ere eman die, noski. «Ordu asko igaro ditugu bertan, eta lan asko egin dugu. Azken urtea, esaterako, eraikina konpontzen pasa genuen, eta hori egin ondoren joan behar izatea gogorra da».
«Historia zati bat» bidean utzi arren, gazte asabladak «bizia irabazi du» gaztetxe berriarekin. «Lehenago etortzen ez zen jendea hasi da etortzen, baita lanera ere, eta horien artean hainbat immigrante. Lehenago guztia eginda zegoen, baina lan egin behar izatean, jendeak bereago sentituko du gaztetxea agian. Orain, gainera, ez dugu lasai egoteko leku bat, eta ez dugu lan egitea besterik», azaldu dute gazteek.
«Itxi zenean gauza asko entzun genituen», diote asanbladako kideek: «Gauzak gaizki egin genituela, jende askoren sentimenduekin jolasten ari ginela… Ulertzen dugu, abuztuan, oporretatik etorri eta gaztetxea itxita aurkitzea gogorra dela, baina egin beharreko zerbait zela ikusi genuen, eta eskertzekoa da gu baino erabiltzaile zaharragoengandik jaso dugun babesa. Eraikina garrantzitsua baita, baina eraikinaren barrukoa garrantzitsuagoa».
Diotenez, aldapa «psikologiko» bat igo behar dute orain ordiziarrek gaztetxera iritsi ahal izateko. Psikologikoa da, gailurra zapaltzean nekeak ahaztu egiten direlako; gazte asanbladako kideek argi dutelako, bide luze honen amaieran, gaztetxe berri batek ateak irekiko dituela.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.