«Baserritarra izatea abantaila da ziklo-krosean aritzeko orduan»
Alex Aranburu (Ezkio-Itsaso, 1995) Ormaiztegiko eskolako lagunekin hasi zen txirrindularitzan. Iaz Olaberrian bukatu zen Gipuzkoako Itzuliko etapa irabazi zuen, eta ziklo-kros denboraldi bikaina osatu du.
Nolatan hasi zinen bizikletan?
Txikitatik nabil bizikletan. Eskolarteko kirolean hasi nintzen eta ordutik ez dut utzi.
Ziklo-krosa ere atsegin duzu.
Lasterketak ikustera joaten ginen, eta ahal bezain azkar hasi nintzen. Gainera, mendiko bizikleta asko gustatzen zait.
Garaion baserrikoa zara. Baserritarra izatea abantaila al da?
Baietz uste dut. Izan ere, mendian bizi gara. Kaletarrek, ordea, ez dute egunero mendira joateko aukerarik. Mendian ibiliz, teknika hobetzen da, eta hori oso ona da ziklo-kroserako.
Nola entrenatzen duzu?
Korrika pixka bat egiten dut, astean behin gimnasiora joaten naiz indarra hartzeko, neguan arrabolan ere ibiltzen naiz…
Zein ezaugarri dituzu?
Ziklo-krosean beste batzuek baino teknika hobea dut. Errepidean, berriz, aldapa gora moldatzen naiz hobekien.
Zeintzuk dira orain arte irabazi dituzun lasterketa garrantzitsuenak?
Errepidean, Gipuzkoako Itzuliko Olaberriako etapa eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi nituen iaz. Herriko eta Aztiriko lasterketetan bigarren heldu nintzen. Ziklo-krosean, berriz, Igorreko eta Karrantzako lasterketak irabazi nituen. Biak nazioarteko mailakoak dira. Espainiako Txapelketan, berriz, bigarren helmugaratu nintzen.
Zeintzuk dira 2013rako zure helburuak?
Ziklo-krosa errepidea baino gustukoago dut, baina oraingoz bietan jarraituko dut.
Epe luzera non ikusten duzu zeure burua?
Ikasketak eta txirrindularitza uztartzen jarraituko dut. Goierri Eskolan Batxilergoa ikasten ari naiz eta datorren urtean Goi Mailako zikloren bat egiteko asmoa dut.
Goierrin zaletasun handia al dago?
Bai. Ordiziako Caja Rural taldean, gazteen mailan bakarrik, 17 bat gara. Ziklo-krosean gabiltzanak gutxiago gara.