Euskal Herriko mus txapelketako Gipuzkoako finala jokatzen ari dira Segurako pilotalekuan
Segurako Baratze pilotalekuan Euskal Herriko mus txapelketako Gipuzkoako finala jokatzen ari dira. 106 bikote lehiatu dira eta 32 onenek martxoaren 9an Agurainen jokatuko den Euskal Herriko finalerako txartela lortuko dute.
Euskal Herriko txapelketa Seguran bertan jaio zen. Iparra-Hegoa ekimenaren antolatzaileek sortu zuten. Aurten, 2.000 bikote baino gehiagok parte hartu dute. Aguraingo finalera gipuzkoarrek eta nafarrek 32na bikote bidaliko dituzte; arabarrek, bizkaitarrek eta lapurtarrek 16na; behe nafarrek 12 eta zuberotarrek 4.
Sariak bikainak izango dira. Bikote irabazleak txapelak, garaikurrak, 3.000 euro eta Karibera bidaia jasoko ditu. Txapeldun ordeek, berriz, garaikurrak, 1.500 euro eta Kanariar Uharteetara bidaia eramango dituzte.