Joxe Ramon Agirre
Marron mendizale ataundarrak Lizarrustiko parketxearen gidaritza hartu du eta gaur ekin dio aro berriari. Irekiera ekitaldian Jon Peli Uriguen Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatua; Luis Mari Zaldua Gipuzkoako Parketxe Sareko zuzendaria eta Igor Aierbe Ataungo alkatea izan dira. Parketxea bisitatu ondoren, hitz batzuk esan dituzte bertan bildutako herritarren aurrean. Ondoren, hamaiketakoa egin dute.
Lizarrustin, Aralarko parke naturalaren interpretazio zentroaz gain, taberna, jatetxea eta lotarako aterpea daude. Bihar hasiko dira otorduak zerbitzatzen. Tabernaren ordutegia 09:00etatik afari ondorenera arte izango da, egunero. Astelehenetan itxiko dute. Gainontzean, urte osoan egongo da irekita, urtarrileko opor aldian izan ezik.
Itxita egon den denboran aterpetxean berrikuntzak egin dituzte kudeatzaile berriek. Bost gela bereizi dituzte, lehen literadun logela handi bakarra zen lekuan. Denera 42 ohe daude. Azpiegitura aldetik, taberna aurrean estalpe itxi bat egiteko asmoa ere dute, beirateekin. Mendizaleak eta bisitariak hartzeaz gain, ikastetxeetako haurrekin ere lan egingo dute, bi edo hiru eguneko egonaldiak eskaini, eta ostatua nahiz jantokia jarriz.