Irizar, etorkizunari begira
Krisia gogor ari da astintzen, baina zorionez Goierriko enpresa asko ondo ari zaizkio aurre egiten. Horietako bat Ormaiztegiko Irizar da. Egitasmo oso garrantzitsuak ditu eskuartean. Lantegia handitzen ari dira, 2014an autobus elektrikoa aurkeztuko dute eta logotipoa berritu dute. Ana Ezeiza komunikazio arduradunak egitasmo hauen guztien berri eman dio GOIERRIKO HITZAri.
Irizar enpresa oso garrantzitsua da Goierrin eta familia askori lana ematen dio. Ezeizak eskualdeko ekonomiari bultzada ematen jarraituko dutela aipatu du. «Talde sendoa gara. Gure dibertsifikazioa geroz eta handiagoa da eta hazten ari gara. Azkeneko bi ekitaldietan sekula baino gehiago fakturatu dugu. Bide beretik jarraitzeko asmoa dugu. Ez diogu hazteari utzi behar».
Hala, Ormaiztegiko eraikina handitzen ari dira. Lanak udan amaituko dira. Euren bezeroak behar bezala hartzeko toki gabezia arazoak zituzten. Hori dela eta, autobusak bezeroei emateko eta ibilgailu horiek hartzera datozenei merezi duten harrera eskaintzeko gune berria egiten ari dira. Baita bezeroentzako erakusgela berria ere. Horretaz gain, Creatio gune teknologikoa prestatzen ari dira. Taldeko eraikin nagusia handitzeaz gain, lantegiari irudi modernoagoa ematen ari dira.
Produktuari berari dagokionez, egitasmo nagusia autobus elektrikoa da. Datorren urtean aurkeztuko dute. «Balio estrategiko handiko proiektua da, haztea eta lanpostuak eta aberastasuna sortuko dituena», azaldu du Ezeizak.
Proiektuaren helburua, behin betiko, autobusa hiriguneetan jendea garraiatzeko garraiobide nagusia bilakatzea da. Gainera, karbono dioxidorik isuriko ez duen ibilgailu urbano honek enpresa goierritarra teknologiaren abangoardian kokatuko du Europa mailan.
Egitasmo honetan Euskal Herriko enpresa ezberdinak lan egiten ari dira, gainera: Irizar taldeko Jema Energy (potentzia eta kontrol elektronikan puntakoa) eta Datik (informazio sistemetan espezializatu); DBus (Donostiako garraio operadorea) eta Ceit, Tecnalia eta Vicomteh gune teknologikoak.
Irizar Eletric Bus (IEB) egitasmoaren erronka nagusia autobus arruntei eta hibridoei aurre egiteko gai izango den ibilgailu elektrikoa egitea da. «Horretarako, bere estrukturarekin, trakzio sistemarekin, energia sortu eta biltzearekin eta kontrol sistemarekin zerikusia duten erronka teknologikoei aurre egiten ari gara», azaldu du Ormaiztegiko enpresako komunikazio arduradunak.
Prototipoa datorren urterako prest egotea espero dute. Ondo bidean, 2014an donostiarrek eta Gipuzkoako hiriburura joaten diren guztiek erabili ahal izango dute. 250 kilometroko autonomia izango du, Donostiaren tamainako hiri batean zerbitzua eskaintzeko nahikoa.
Bilboko Guggenheim museoaren antza duen eraikina egiten eta karbono dioxidorik isuriko ez duen autobus elektrikoa diseinatzen ari den enpresak irudi modernoa behar du. Hori dela eta, Irizarrek bere logoa berritu du.
Madrilgo autobus ferian aurkeztu zuen eta dagoeneko Ormaiztegiko egoitzan ere ikus daiteke. «Logotipo zaharra ez zen egokia gaur egungo Irizar enpresarentzat. Modernizatu egin dugu. Baita gure balioetara egokitu ere. Berriak gaur egungo izaera eta sendotasuna hobeto islatzen duela uste dugu», amaitu du Ezeizak.