Elikadura subiranotasuna izango du ardatz Iparra-Hegoak
Datorren astelehenean hasiko da Iparra-Hegoa ekimenaren 18. edizioa Seguran. Aurtengo gaia elikadura subiranotasuna da. Ekitaldi andana antolatu da, baina bi dira nagusiak: astelehenean Eric Holt aditu estatubatuarrak eskainiko duen hitzaldia eta hilaren 16ko azoka. Bertan, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ekoizleek parte hartuko dute.
Iparra Hegoa ekimenaren helburua Iparraldea eta Hegoaldea gerturatzea da eta lehen ekitaldia gaur bertan izango da, Urruñako (Lapurdi) Xaia ostatuan. Afaria egingo da eta, ondoren, Gazta zati bat dokumentala emango da.
Gainontzeko ekitaldiak Seguran izango dira. Datozen bi asteetan elikadura subiranotasunari buruzko hitzaldiak egongo dira. Holtez gain, Maite Arostegi, Koldo Saratxagaren Ner Group taldeko ordezkariak eta Paul Nicholson etorriko dira Segurara.
Martxoaren 14an, berriz, Iparraldeko gaztetxoak etorriko dira. Udaleku aisialdi taldekoek bi egun emango dituzte Goierrin. Eskualdeko txokoak ezagutuko dituzte Laiotz eskolako ikasleen eskutik eta, gainera, haurrek elkarrekin jolastuko dute eta musika eta dantza ikuskizuna eskainiko dute.
Bi egun horietan ekitaldiak ere izango dira: 14an Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballesekin bertso poteoa egingo da eta 15ean Xutik eta Kuxkuxtu txarangekin sagardo dastatzea egingo da. Ondoren, Kokein eta Torri taldeek kontzertua eskainiko dute.
Azken ekitaldiak asteburu horretan izango dira. Larunbatean, hilaren 16an, merkatu berezia egongo da. Igandean musika eta sukaldaritza izango dira nagusi. Gainera, Euskal Herriko lurraldeen arteko lotura sinbolizatzen duen gereziondoko ekitaldia egingo da. Aurtengo gonbidatu berezia Panpi Sainte Marie laboraria da.
Eric Holt mundu mailako adituak hitzaldia emango du astelehenean
Datorren astelehenean elikadura subiranotasunean mundu mailako aditua den Eric Holt estatubatuarra etorriko da Segurara, hitzaldi bat ematera. Holt Food First institutuko kidea da. Erakunde honek gosearen, pobreziaren eta hondamen ekologikoaren arrazoiak aztertzen ditu eta aldaketaren alde lan egiten du, beste gizarte mugimendu batzuekin elkarlanean.
Estatubatuar honek elikaduraz hitz egingo du Seguran. Bere ustez, elikadura subiranotasunaren etsai nagusiak monopolioa lortzeko lan egiten duten multinazionalak dira. Dena den, itxaropentsu ageri da. Bere esanetan, gizarte mugimenduek batuta lan egin behar dute.
Badu Euskal Herriaren berri, Nafarroan familia baitu. Hala, bertako egoera «apur bat» ezagutzen duela eta Euskal Herriari buruz geroz eta gehiago dakiela esan du. «Urte asko daramatzazue zuen herriaren burujabetasunaren alde lanean eta horrek elikadura burujabetasuna lantzera eraman zaituzte. Hori oso deigarria iruditzen zait», aipatu du iparramerikarrak.
Bere ustez, Euskal Herria bide onetik doa. «EHNE sindikatuko militanteak primeran lan egiten ari dira. Via Campesina mugimenduarekin harremana dute eta hori gauza oso positiboa da», azaldu du.
Gogo onez etorriko da Segurara. «Behin baino gehiagotan joan naiz Euskal Herrira, Nafarroan familia baitut. Euskaldunak, euren lurra eta euren janaria oso gustukoak ditut».
Antolatzaileak «oso gustura» daude mundu mailako aditu bat Segurara ekartzea lortu dutelako. «Zortea izan dugu. Aditu bat ekarri nahi genuen eta martxoan Holt Bizkaira ekarri behar zutela jakin genuen», azaldu du Xabier Albizu antolatzaileak.
Iparra-Hegoa bi aste barru zen astekoa, baina astebete aurreratu behar izan dute estatubatuarraren hitzaldia dela eta. «Holt datorren astean etorriko da Euskal Herrira eta hainbat tokitan eskainiko ditu hitzaldiak. Gastuak guztion artean ordainduko ditugu», esan du Albizuk.
Hitzaldien datak
Martxoak 4. 19:30ean, kultur etxean, Eric Holt iparramerikarra eta Paul Nicholson EHNE eta Via Campesinako kidea.
Martxoak 5. 19:30ean, kultur etxean. Nondik jo behar da elikadura burujabetasuna lortzeko, Itziar Orbezuarekin (BLE), Maite Arostegirekin (EHNE). Ondoren, Ner Group egitasmoaren aurkezpena.
Martxoak 11. 19:30ean, kultur etxean, Ekolapiko, Biolur eta Itsas Ama elkarteetako ordezkariek euren ekimenak aurkeztuko dituzte.
Martxoak 12. 19:30ean, kultur etxean. Otordu kolektiboen kudeaketa, Gustoki tokiko produktuen salmenta eta Saskia egitasmoa.
Martxoak 13. 19:30ean, kultur etxean, nekazaritza eskolen aurkezpena: Hazparnekoa Laborari Eskola Publikoa eta Fraisoro.